BILBO. Asteazken honetan hasiko du 2020-2021 denboraldia Bilboko Udal Txistulari Bandak, Euskal Museoan eskainiko duen kontzertuarekin. Bandak nobedade ugari dakar sasoi honetarako. Lehenengo lau kontzertuak Euskal Museoan eskainiko dituzte.

Okasio honetan, 2020an Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta eta Sabin Bikandi, txistulariek eta Asier García perkusio-atabaleroak, hilero kontzertu bat eskainiko dute esznatoki berri batean: Euskal Museoko klaustroan (sarrera Unamuno Plaza), hain zuzen ere. Sarrera doakoa izango da eta emanaldiaz gozatu nahi dutenek aldez aurretik hartu beharko dute gonbidapena Euskal Museoaren web orrian.

Bestalde, 2021. Urtearen hasierarekin batera, banda betiko eszenatokira itzuliko da, Euskalduna Jauregia, zeinetan beste bost kontzertu eskainiko dituen. Gauzak horrela, euskal musika, tradiziozko musika, musika eta dantza ikuskizunak, kolaborazioak profesionalekin eta ohorezko gonbidatuak izango dira nagusi.

DENBORALDIKO LEHENENGO LAU KONTZERTUAK EUSKAL MUSEOAN

Bizi dugun egoera berezi hau girotzeko eta aspalditik datozkigun soinu eta dantza sortak gogorarazteko helburuarekin bandak 2020an lau emanaldi eskainiko ditu irailaren 23an, urriaren 7an, azaroaren 4an eta abenduaren 18an. Denboraldiko egitarauak zortzikoak, bilbainadak, dantza doinuak eta txistu errepertoriotik hartutako obra birtuosoak entzungaiz osaturik egongo dira.

Lehenengo kontzertua asteazken honetan izango da, irailak 23 eta bandak 10 obrez osaturiko programa baten bidez emango dio hasiera denboraldiari. Honakoak entzun ahal izango dira, besteak beste: "Loriak Udan", "Mari Zeli", "Boleras", "Berdabio", "Gona gorria", "Eguarteko soinua", "I Kontrapasa", "Migerlea", "Txatxamatxalinatxu", "Ereintza", "Idiarena", "Pello Joxepe", "Zangoluze" eta "Altzega".

Jarraitzeko, urriaren 7an, txistu eta danbolin musika izango da nagusi. Izan ere, berri eta asko izan dira erritmo horietan oinarrituta obrak sortu dituzten musikagileak. Gure tradizioan erritmo berezi asko ditugu: zortzikoak, ezpata-dantzak, biribilketak, kontrapasak€ Baina baita beste kultura batzuetatik geureganatu ditugunak ere. Horien guztien erakusgarri izan nahi du kontzertu honek. Horretarako, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, Federico Corto, Raimundo Sarriegi, George Hamel, Pablo Sorozabal, Eusebio Basurko, Santos Intxausti, Jesús María Bilbao, Pablo Sorozabal, Koldo Basabe eta Jose Ignazio Ansorenaren obrak entzungo dira.

Bestalde, azaroaren 4an Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcíak osatutako bandak honakoak interpretatuko ditu, besteak beste: J.I. Ansorenaren "Deika", Pablo Sorozabalen "Osio bideko Polka", Joakin Osinagaren "V. Tonuko Sonata" (J. I. Ansorenaren moldaketekin), Eduardo Gorosarriren "Suitea lau denboratan" eta Karlos Santxez Ekizaren "Erantzunik gabeko galderak".

Azkenik, eta jada ohikoa denez, urteari amaiera borobila emateko, 2020a Gabonetako kontzertu bereziarekin bukatuko da. Jarduna abenduaren 18an izango da. Kasu honetan, kontzertua bitan zatituta egongo da: banda tradizionala eta abesbatza. Halaber, abenduaren 22an txistulariek, eta Gabonak direla eta beste kontzertu bat eskainiko dute Enkarnazio elizan Bilbao Musikako "Ahotsak" Abesbatza, Miren Bernaolak zuzenduta, eta kontalari batekin batera.

2021EAN BANDA EUSKALDUNA JAUREGIRA ITZULIKO DA

Euskal Museoan eskainitako kontzertuen ondoren, Bilboko udal txistulari banda ohiko eszenatokira bueltatuko da, Euskalduna Jauregia, zeinetan beste bost kontzertu eskainiko dituen. Sarrerak, 2 euro kostatuko dira eta zenbakituak izango dira. Hauek Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

2021eko lehenengo hitzordu musikala urtarrilaren 7an izango da. Oraingo honetan, bandaren laguntzarekin "Arineketan" aurkeztuko da, Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikarien proiektu bateratua. Umorez, tradizioa eraberritzeko asmotan eta sorkuntza propioak gehituz duela 200 urte jasotako euskal doinu eta erritmoak oinarri hartu eta gaur egunera ekarri dituzte. Jarraitzeko, urtarrilaren 27an 0B Aretoa topera egongo da, izan ere, txistulari bandarekin batera, Oinkari Dantza Taldeak (koreografiak: Eneko Gil eta Oinkari Dantza Taldea; muntaia: Iker Ugalde eta Julen de la Iglesia; gidoia eta ahotsak: Oinkari Dantza taldea) eta Aitor Furundarena akordeoilariak jardungo dute. "Esku burdinak" lelopean ikuskizunak Gallartan bizitza bila haitza zulatzen zutenen istorioa kontatuko du.

Hurrengo emanaldia otsailaren 10ean 0D Aretoan izango da. "Hegaldiak" izenekoan Federico Corto Barrena, Luis Aramburu, Hilario Olazaran, Jose Inazio Ansorena, Isidro Ansorena, Jose Mª González Bastida eta Arthur Pryor autoreen obrak entzungo dira. Eta otsailaren 24an banda 0Deko eszenatokira bueltatuko da Sabin Bikandi bera zuzendari delarik. Musika entzutean, gizakiok berezko erantzun psikomotore bat dugu, hau da, berezko mugitzeko joera. Kontran, oraingoan eserita "dantzan" egiteko musika ekartzea da asmoa.

Azkenik, denboraldia martxoaren 15ean bukatuko da, Kantaldia ezagunarekin. Kontzertu berezi honetan, publikoaren parte-hartzea funtsezkoa da, helburua ikusleek euskal kantutegiko pieza ezagunak kantatzea baita. Horretarako, bandarekin batera Xabier Saldias abeslariak, Iñar Sastre piano-jolea eta Gorka Eskauriaza baxu elektrikoak jardungo dute. Errepertorioari dagokionez euskal kantu ezagunak eta Egan taldearen abestiez osaturik egongo da.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda" (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"(2006); "Hala ere" (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" (2010) Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.