BILBO. Bihar, hilak 15, asteazkena, Bilbao Kirolaken hurrengo ikasturterako kurtsoetan izena emateko epea irekiko da, eta irailaren 6ra arte iraungo du zabalik. Horrela, goizeko 9:00etatik aurrera, 2020-2021 ikasturteko ikastaroetan izena emateko aldez aurreko hitzordua eskatzeko aukera izango dute bilbotarrek.

Eskaera-egileei zenbaki bat emango zaie, zozketa batean parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Zozketa horretan, Bilboko kiroldegiek datorren urritik aurrera eskainiko dituzten kirol modalitateetan izena emateko ordena erabakiko da.

Abonatu bakoitzak zenbaki bat eskatu ahalko du kiroldegi bakoitzerako, eta, gehienez ere, hiru jarduera hautatu ahalko ditu kiroldegi bakoitzeko. Zenbaki hori kiroldegietan salmenta automatikorako dauden makinetan edo Bilbao Kirolaken webgunearen bidez eska daiteke.

Irailaren 8an egingo dira zozketak (kiroldegi bakoitzeko bat), Bilbao Kirolak-en egoitzan, eta egun horretatik aurrera aldez aurreko hitzorduak adjudikatuko dira, atera den zenbakitik aurrerako hurrenkeran. Zozketa honen emaitzak irailaren 9tik aurrera kontsultatu ahalko dira udal kiroldegietan jarriko diren zerrendetan, salmenta automatikorako dauden makinetan eta Bilbao Kirolaken webgunean.

Zozketaren ondorioz familia-unitate batean bata bestearen osteko hitzorduak dituzten kideei ez bazaizkie aldez aurreko hitzorduak bata bestearen ostean egokitzen, orduan lehenengo hitzordua hartu eta gainerako kideei hurrenez hurrenekoak emango zaizkie.

Aldez aurreko hitzorduaren bidez, eguna eta ordua gordetzen dira eskatutako ikastaroetan izena eman ahal izateko, baina horrek ez du bermatzen ikastaroetan lekurik izango denik.

Irailaren 15etik aurrera hasiko dira kiroldegietako izen-emateak, kiroldegi bakoitzeko salmenta automatikoko makinetan eta Bilbao Kirolaken webgubnean. Abonatu bakoitzak izena eman ahalko du adjudikatzen zaion hitzorduaren egunetik eta ordutik aurrera.