BILBO. Pixkanaka-pixkanaka, jendearen eguneroko bizitzak normaltasuna berreskuratzen doa. Deseskalatzearen faseak aurrera egin ahala, gero eta leku gehiago bisitatu ahal dira. Horietako bat Bilboko Udal Artxiboa da. Erakunde publikoak maiatzaren 22an ireki zituen ateak, baina orain arte telematikoki bakarrik eskaintzen zituen bere zerbitzuak. Orain, zerbitzu presentziala eskaintzen hasi da berriro aurretiko hitzordua eskatuz. Artxiboa astelehenetik ostiralera dago zabalik, goizeko 09:00etatik 13:00etara.

Segurtasuna areagotzeko eta edukiera kontrolatzeko, hitzordua eskatzeko sistema jarri da martxan, telefonoz (94.420.48.49) eta posta elektronikoz (archivo@bilbao.eus). Kontsulta Gelako edukiera lau lagunekoa izango da gehienez. Horietako bi artxiboko langileentzat gordeko dira eta beste bi erabiltzaileentzat. Aurretik hitzordua hartzeko sistema erabili arren, bi erabiltzaile baino gehiago pilatzen badira, kopuru hori gainditzen dutenek Kontsulta Gelatik kanpo itxaron beharko dute. Gela horretan bi lagun egon daitezke gehienez, eta gutxienez 2 metroko tartea utzi beharko dute.

Udal Artxibora bertaratzen direnek gehienez ere 10 agiri kontsultatu ahal izango dituzte egunean, eta gehienez ere 25 unitateko agirien kopiak eskatu ahalko dituzte, paperean edo euskarri digitalean. Kontsultak, bai telematikoak bai presentzialak, eskaera ordenaren arabera erantzungo dira, baina lehentasuna emango zaie prozedura administratibo eta judizialetan aurkeztu beharreko informazio eskaerei edo dokumentuei.

Kontsultaren bat ez egitea edo une jakin batean kopiak lortzea justifikatzen duten salbuespenezko inguruabarrak gertatzen badira, eskatzaileari pertsonalki jakinaraziko zaio egoera hori, eta Artxiboak konpromisoa hartuko du ahalik eta lasterren egiteko, salbuespeneko inguruabarrek horretarako aukera ematen dutenean.

SEGURTASUN NEURRIAK

Udal Artxibora bertaratzen diren erabiltzaileek Bilboko Udalaren segurtasun eta osasun higieneari buruzko araudia bete beharko dute.

Hala, nahitaezkoa da norberaren maskara eramatea, bi metroko pertsonen arteko distantzia errespetatzea, eskuak garbitzea eta Kontsulta Gelan ezarritako zirkulazio-zirkuituak betetzea.