BILBO. Koronabirusak eragindako osasun alerta ezarri zenean, Bilboko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak telefono bat jarri zuen herritarren zerbitzura. Orduz geroztik, 23.600 dei baino gehiago jaso dira telefono zenbaki horretan.

010 doako arretarako telefonoaren bidez (94 401 00 10, Bizkaiko hiriburutik kanpo), Bilboko Udalak 20.340 dei baino gehiagori erantzun die, eta zerbitzu horren beraren posta elektronikoan (010 @bilbao.eus) 180 mezu elektronikori erantzun zaie.

010 telefonoan kontsulta ohikoenak ogasunarekin, gizarte ekintzarekin eta erroldarekin lotuta daude. Ildo horretan, Bilboko Udalak gogorarazi nahi du 010 telefonoa herritarren eskura dagoela, inguruan zaurgarritasun- edo isolamendu-egoeran dauden pertsonak detektatzen dituenean lagundu eta jakinaren gainean jartzeko. Kasu horretan, gainera, mezu elektroniko bat bidal dezakete honako helbide honetara: urgencia@bilbao.eus. Horrela, Gizarte Zerbitzuetako profesionalek kasua baloratu, esku hartu eta zelan doan zainduko dute.

Bilboko Udaleko telefonoguneko telefonoak herritarren 1.460 dei inguru jaso ditu denbora honetan. Telefono horretan ohikoenak diren kontsultek ere zerikusia dute ogasunarekin baina baita hirigintzarekin ere.

Azkenik, Zure Udalak aditzen dizu web atarian 1.700 galdera, zalantza, gorabehera eta iradokizun baino gehiago jaso dira, besteak beste, bilbotarren aldetik.

Gainera, Bilboko Udalak herritarren arreta ere mantentzen du, udal sailetako ohiko aplikazio, mezu elektroniko eta telefonoen bidez.

INPRIMAKI TELEMATIKOA

Bilboko Udalak gogorarazi du, halaber, formulario telematiko bat jarri duela herritarren eskura www.bilbao.eus webguneko egoitza elektronikoko gunean, bilbotarren online eskaera errazteko, udaleko edozein sailetara zuzendutako udal izapide bat hasteko. Formulario horri esker, gainera, beharrezkoa bada, inprimakiak, alegazioak edo zehapenetarako errekurtsoak bidal daitezke, besteak beste. Orain arte, izapideren bat hasteko 600 eskaera baino gehiago jaso dira.