BILBO. Koronaburusaren positiboak edo berrogeialdian dauden etxeetako zaborra kasu gehiago ez emateko nola kudeatu behar den ezaguarazi du Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak emandako jarraibideei jarraituz.

Udalak nabarmendu duenez, kontu handiz ibili behar da gaixorik edo berrogeialdian daudenek sortutako hondakinekin. Hauen hondakin guztiak, gaixoek erabili eta botatzen dituzten materialak barne (zapiak, maskarak, eskularruak...), plastikozko poltsa batean bildu behar dira (1. poltsa), konfinatuta dagoenaren gelan finkatutako zabor-ontzi batean, ahal dela estalkia eta irekitzeko pedala dituela, birziklatzeko inolako bereizketarik egin gabe.

Lehen plastikozko poltsa hau behar bezala itxi eta bigarren zabor-poltsa batean sartu behar da (2. poltsa), baita zaintzaileak erabilitako eskularruak eta maskara ere, eta behar bezala itxiko da gelatik irten baino lehen.

Bigarren poltsa hau, etxeko gainerako hondakinekin batera, hirugarren zabor-poltsa batean sartu (3. poltsa), eta behar bezala itxita botako da Errefusaren edukiontzira, birziklatzeko inolako bereizketarik egin gabe.

Berehalaxe, prozesua osatu duen pertsonak eskuen higiene osoa egin beharko du, urarekin eta xaboiarekin, gutxienez 40-60 segundotan.

Bestalde, COVID-19aren kasu positiborik ez duten etxeetan, hondakinak ohi bezala bereiziko dira. Baina kontuan hartuko da, latexezko edo nitrilozko eskularruak erabil baldin badira, horiek ez direla Ontzi Arinen edukiontzira (horia) bota behar, Errefusaren edukiontzira baizik.