BILBO. Gaur goizean, hilak 21, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok 2019-2023ko Agintaldi Plana aurkeztu du gobernu taldearen eta udaleko goi.kargudunen aurrean. Ekitaldian Alfonso Gil, Gotzone Sagardui eta Nekane Alonso Alkateordeak egon dira baita ere.

Aburtok eskerrak eman dizkie bi alderdien udal ordezkariei 2019-2023ko Agintaldi Plana lantzeko egin duten ahaleginagatik, eta argi utzi du “egungo udal gobernuaren bide-orri honek gero eta kohesionatuagoa dagoen Bilbo iraunkorraren aldeko apustuari eutsiko diola, pertsona guztien bizi-kalitatea eta auzo guztietara hedatutako kalitatezko zerbitzuak bermatuz, Bilbo inbertitzeko eta enplegua sortzeko erakargarri bihurtuz eta herritarrek partekatutako balio sendoak mantenduz, batez ere gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasunarena”.

EGUNGO EGOERAREN AZTERKETA

2019-2023ko Agintaldi Plana lantzeko, abiapuntutzat hartu da “Eduki dugun Bilbo” deritzon errealitateari buruzko azterketa, eta Alkateak laburbildu duenez, gure hiriak “irudi bikaina eta gizarte zibil aberatsa dauzka, baita kalitatezko zerbitzu publikoak eta kudeatzeko esperientzia aitortua ere, baina azken krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioak jasaten ari da oraindik”.

Bilboko gizartek gainditu beharreko etorkizuneko erronken artean, Aburtok berariaz nabarmendu ditu “ekonomiaren eta enpleguaren erronka, gizartea nahiz hiria gaztetzearen erronka, munduko klima-larrialdia eta egungo bizikidetza maila guztiz altua eta herritarren balioak egunero mantentzeko premia”.

BILBO ETORKIZUNEAN

Etorkizunari dagokionez, “gure helburu nagusia Bilbo iraunkorra eraikitzen jarraitzea da, pertsona guztientzat, auzo guztietarako eta jarduera ekonomikoari begira, betiere Nazio Batuen 2030erako Agendarekin eta honetan bildutako Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lerrokatuta”, adierazi du Juan Mari Aburtok.

Horretarako, “Gura dugun Bilbo” delako atalaren barruan, 2019-2023ko Agintaldi Planak egun abian dauden 10 hiri-proiektu nagusiak zehaztu ditu:

  • Zorrotzaurre, Ezagutzaren Uhartea
  • Bilbo, unibertsitatearen hiria
  • Bilbo, ekintzailetzaren hiria
  • Bilbo, kulturaren hiriburua
  • Merkataritzaren eta aisiaren dinamizazioa
  • Gure konektagarritasuna hobetzea
  • Segurtasunaren aldeko Ituna
  • Hiri Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Ituna
  • Gizarte Politiken aldeko Ituna
  • Auzoen aldeko Ituna

Era berean, Juan Mari Aburtok, Udal Gobernuaren izenean, agirian jaso diren “10 ekintza-ildoren inguruko lehentasunezko 100 ekintzak” aipatu ditu:

  • Jarduera ekonomikoa eta enplegua: 16 ekintza
  • Gizarte politikak: 18 ekintza
  • Garraioa, mugikortasuna eta irisgarritasuna: 10 ekintza
  • Gazteria, balioak, hezkuntza eta prestakuntza: 8 ekintza
  • Kultura eta kirola: 11 ekintza
  • Bizikidetza eta segurtasuna: 8 ekintza
  • Iraunkortasuna eta hiri eraldaketa: 15 ekintza
  • Auzoen garapena: 7 ekintza
  • Bilbo euskalduna: 3 ekintza
  • Gardentasuna, parte hartzea, zorroztasuna eta kudeaketa ona: 4 ekintza

Azkenik, Alkateak nabarmendu du 2019-2023ko Agintaldi Planak “sendotu egiten duela Bilboko Udalak Gobernu Irekiaren hiru ardatzekin (parte-hartzea, gardentasuna eta kontuak ematea) duen konpromisoa”, eta etengabeko jarraipena izango duela www.bilbao.eus webgunean nahiz auzoetan eta maila sektorialean antolatutako topaketen bitartez.