BILBO. Bilbok aisialdiko eta kulturako agenda, "Kultura Koloretan" izenekoa, argitaratu du. Bertan 120 ekitaldi baino gehiago biltzen dira.

Urteko agenda horretan biltzen dira Uriko espazio eszenikoak, sorkuntzazkoak eta erakusketak antolatzekoak, eta, orobat, ekitaldiak, zikloak eta programak, MILAKA kultur jarduera dauzkatenak adar gisa, publiko guztientzat eta uri osoan, eta barruti guztietara iritsiz, eta, hala, Bilboko kultur egutegia osatuz hamabi hilabetean zehar.

Estetika abangoardistarekin eta kolore zertzeladez beterik, 2020ko agenda berriak, gainera, Uriko beste entitate publiko eta pribatu batzuek sustatzen dituzten jarduera asko biltzen ditu, hala nola ABAO, Pabilioi 6, Zirkozaurre, La Fundición, BBK Aretoa, Campos Antzokia edo Euskalduna Jauregia, besteak beste; sektoreari, herritarrei eta Bizkaiko hiriburua bisitatzera etortzen diren pertsonei aukera ematearren azken berrikuntzen berri izateko eta Bilboren kultur eskaintza askotariko, deszentralizatu eta bikainaz gozatzeko.

"Kultura koloretan" gidaliburuan, honako hauen gaineko informazioa biltzen da: antzerkia, musika, zinema eta ikus-entzunezkoak, diseinua, lehiaketa eta literatur jardunaldiak, jarduera artistikoak, ondarearen zabalkunde eta sustapena eragiteko jarduerak, sormen ikastaro eta lantegiak eta abar, eta, guztia, argitalpen berean, zeinean batu nahi baitira kultura bere adiera zabalean eta aisialdia, eta Bilboko biztanleen eta turisten eskura jarri, egun bakar bat ere igaro ez dezaten kultura bizi eta gozatu gabe.

PALETA BAT ETA BEDERATZI BLOKE

Agendako kolore-paleta bederatzi bloke tematikotan banatzen da. Lehenbizikoa, arte eszenikoei buruzkoa da: pil-pilean dago bai Uri barruan bai kanpoan. "EMOZIO ETA SORMEN ZERTZELADEN URIOLA URIAN" duela izena, sekzio honek hango eta hemengo espazio eszeniko publiko nahiz pribatuen berri jasotzen du, hala nola Arriaga Antzokia, Pabilioi 6, BBK aretoa, La Fundición edo ZWAP; gainera, erreferentziazko jaialdien berri ere biltzen du, hala nola BAD, Bilboko Kalealdia, txotxongilo jaialdia edo ACT, eszena berriari buruzkoa.

Tarte bat ematen die, orobat, sektorearen alde egiteko, profesionalizatzeko eta indartzeko xedea duten lankidetza-proiektu eta laguntza-programei, hala nola Pyrenart, Karrikan, Harrobia edo Zirkozaurre, zeina egungo zirkuan baitago espezializatuta. Bloke honetan, bestalde, nabarmentzekoak dira beste udal programa batzuk ere, zeintzuen xedea baita publiko berriak sortzea eta sormen eszenikoa bultzatzea, edo egonaldien bidez sormen prozesuei laguntzea, BilbaoEszenak orain hamar urtetik hona eskaintzen dituenak bezalako egonaldien bidez, esate baterako.

Kultur unibertso honetan, eta kolore bizi-biziekin, bada atal bat Uriko museoek eskaintzen duten eskaintza askotarikoari buruzkoa, "ESTILOEN PALETA BAT GUSTU GUZTIETARAKO" izenekoa, non nazioarteko gure ikur handienen berri ez ezik --alegia, Arte Ederren Museoa eta Bilbao Guggenheim Museoa-- orobat biltzen baitira Euskal Museo, Pausuen Museo, Eliza Artearen Museo edo Arkeologia Museoari buruzkoak, zeintzuek Bilboko alde zaharrean baitauzkate euren egoitzak.

Agendako atal zabal bat, diseinuari eta ikusizko arteei buruzkoa da, boladan baitaude, eta etengabe eraldatzen. "TONU OHIKOENETATIK HASI ETA ABANGOARDIAKOENETARAINO" izenburuaren pean, atal honetan jasotzen dira kutsu abangoardista eta garaikideko jaialdi eta programen berri, hala nola BVL-ART, Bilbao Art District, BILBOARGAZKI, Bilbao Bizkaia Design Week, Selected Europe -diseinua eta sormena- edo MEM, arte esperimentalari buruzkoa. Horrez gain, kultura abangoardista beren DNAn txertatuta daramaten kultur entitate edo ekipamenduen eskaintza jasotzen da, hala nola BilbaoArte, Azkuna Zentroa, Open Espazioa, Argazkilaritza Garaikideko Zentroa edo Errekalde Aretoa.

"KOLORE ARMONIA PERFEKTUA LITERATURAREN ETA ZIENTZIAREN ARTEAN" atala literaturari eta ezagutzari buruzko atal bat da; uriko literatur jaialdien berri biltzen du, hala nola BILBAOPOESIA, JA! edo Gutun Zuria, eta zientziari eta ezagutzari buruzko espazioen berri ere bai, hala nola Zientzia Azoka, Bilbao European Encounters edo Bizilabe Bilbao, eta bai ere literatur lehiaketei buruzko informazioa, liburutegi publikoen sarearen eskaintzari buruzkoa, BBK Mediatekari buruzkoa, Azkuna Zentroari edo Bidebarrieta Kulturguneari buruzkoa, non hitzaldi programazio zabala ez ezik, liburuen aurkezpenak eta ezagutzari eta zientzia zabalkundeari buruzko jarduerak ere eskaintzen baitira. Atal honetan, halaber, jasotzen da Klasikoen Irakurketa Jarraitua bezalako ekitaldien berri, zeinean urtero-urtero gauzatzen baita euskarazko obra baten irakurketa jarraitu bat.

Beste alde batetik, ikus-entzunezkoen eta teknologia berrien gaineko kapituluan, "PROIEKZIOEN SORTA KOLORE ANITZEKO BAT URIAN" atalean biltzen da edozein generotako zinemari buruzko ekipamendu, programa eta jaialdien berri funtsezkoena: guztira, hogei ekimen baino gehiago, agerian jartzen dutenak sektore horren kultur eta sormen bizi-bizia, nabarmentzekoak direlarik ororen gainetik ZINEBI eta FANT (Bilboko zinema fantastikoko jaialdia) edo ZINEGOAK bezalako jaialdiak, baina orobat proposamen berriagoak, gure aisialdiko ohituretan ondo errotuak, hala nola Bilbao Seriesland, Animakom Fest edo Fun&Serious Games Festival --bideojokoaren gainekoa--, eta orobat aldarrikapenezkoagoak edo sozialagoak, hala nola Zinemakumeak Gara! edo Homeless Film Festival.

MUSIKA ESKAINTZA ASKOTARIKOA

Agendako seigarren titulua musikari buruzkoa da, "BELARRIETARAKO NOTAK, ERA BATEKO ETA BESTEKO TONALITATEDUNAK": nola zinemaren arloan urtean zehar eskaintza interesgarriak ugari diren, halaxe ere musikaren arloan, genero eta artista guztiei buruzko jaialdiekin (ospetsuak edo berriak), eta, hala, berriro ere izango dira Bilbao BBK LIve, BilboLoop, Bilbao Ars Sacrum, Musika Música edo Bizkaiko Abesbatza Musikaren astea, besteak beste. Multzo honetan, gainera, informazioa biltzen da urtean zehar era guztietako kontzertuak eta jarduerak programatzen dituzten ekipamendu publikoen eta pribatuen gainean, hala nola Bilborock, Kafe Antzokia, Sozietate Filarmonikoa, Bilboko Abesbatza Sozietatea, BOS, BBVA Fundazioa, BilbaoMusika edo Bilbaina Jazz Club.

Ondareari eta Nortasunari buruzko atalean, "EZAGUTU GURE HISTORIA ABERATSAREN KOLOREA" izenburupean, informazioa ematen da gure folklorea eta tradizioak biririk iraunarazteko eta ezagutzera emateko xedea duten programa eta ekimen guztiei buruz, bai eta Bilboko ondareari buruz. Alde horretatik, Urian tradizio handia duten kultur programak ageri dira, hala nola Dantza Plazetan, Udaberriko Bertso Saioak edo Bilbainaden lehiaketa, eta orobat beste proposamen batzuk, hala nola Basque Fest edo Loraldia Jaialdia. Atal honetan, gainera, gogorarazten dira Urian historia ezagutzeko eta areago lantzeko eskaintzen diren baliabideak, hala nola Bilboko Udal Agiritegia, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa edo Euskadiko Agiritegi Historikoa.

Agendan, bestalde, atal bat dago jai herrikoei buruzkoa, Bilbon urtean zehar behin eta berriro egiten diren jai-ospakizunak gogorarazten dituena, hasi Egubarrietatik, Aratuste edo Aste Nagusietara arte, edo Gau Zuria eta Fair Saturday: "HERRITAR GUZTIEK GOZATZEKO KOLORE EZTANDA bat".

Atzenengo kapitulua gertuko kulturaren gaineko atal bat da: barruti guztietara iristen dena, askotariko jarduerekin, auzoetako herritar gehienen gustuaren arabera, eta, ia beti, gainera, doan. "KULTUR IKUSKIZUNAK AUZOETARA IRISTEN DIRA URIKO AZKEN TXOKOA ERE KOLOREZTATZEKO" izenburupean, Bilbao Barruti Eszenikoa bezalako programak jasotzen dira, non kaleko antzerkia eta aretoko antzerkia, magia, zirkua, clown-en gaineko informazioa biltzen baita, edo Bilbo Musika Barrutia, jazza, abesbatzen kontzertuak, ikastaroak, zikloak eta abarren berri jasotzen duena, edo Bilbo Ikusizko Barrutia, ikus-entzunezkoak, erakusketa, aire libreko zinema eta abarren berri jasotzen duena; Kultur Gabonak edo Bilbo Aisialdi Barrutia, bakoitzak urte osoan zehar eta era guztietako publikoentzako dozenaka ekimen biltzen dituztenak.

Nahiz eta oinarrizko informazioa biltzen duen eskuliburu bat izan, kulturaz egunero gozatzeko, hala ere, kasu guztietan, ekitaldi bakoitza noiz eta non ospatzen den ematen da jakitera. 10.000 ale argitaratu dira euskaraz eta gaztelaniaz, eta banatzen hasi dira dagoeneko, doan, udaltegien bitartez, udalaren informazio bulegoen bitartez eta liburutegi, elkarte eta bestelako gizarte- eta kultura-ekipamendu eta hezkuntzako ekipamenduen bitartez. "Kultura koloretan", online eskainiko da, eta pdf-an ere bai jaitsi nahi duenarentzat, www.bilbao.eus web orrian.

Horrez gain, Bilboko Udalak argitaratzen duen hileroko agendaren harpidetza egina duten pertsonek ere jasoko dute. Etorkizunean beren posta elektronikoko helbidean urteko programazioaren argitalpenak jaso nahi dituztenek, Bilbao Kulturaren hileroko agenda eguneratu eta zabaldua jasotzeaz gain, posta elektroniko bidez ere jaso ahal izango dituzte: agendakulturala@bilbao.eus.