BILBO. Bilboko Bizkaia Aretoak eta Euskalduna Jauregiak Euskal Herriko Unibertsitateak eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak (BCAM) antolatutako ikaskuntza automatikoari eta datu-meatzaritzari buruzko europar konferentzia hartuko du. Ekitaldia 2021eko irailaren 13tik 17ra ospatuko da uriko bi leku esanguratsuetan. Topaketa honen 20 edizio baino gehiago ospatu dira dagoeneko.

Batzorde antolatzailearen buru izango da Jose Antonio Lozano, BCAMeko Zuzendari Zientifikoa eta UPV/EHUko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saileko Katedraduna. Berarekin batera ospe handiko zenbait aditu arituko dira ekitaldiaren antolakuntzan; Vodafone Institutuaren kolaboratzaile den Nuria Oliver, Swiss Data Science Center-eko Fernando Pérez-Cruz, Mainzeko Johannes Gutenberg Unibetsitateko Stefan Kramer eta École Polytecnique ingeniaritza eskola frantsezeko Jesse Read, esaterako.

Konferentzian 600 pertsonak baino gehiagok parte hartzea espero dute antolatzaileek, Euskal Herria adimen artifizialaren arloan nazioarteko erreferentzia-puntu bilakatuz. Ekitaldiak iraungo dituen 5 egunetan zehar goi-mailako hainbat ikerlarik hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte euren ikerketa arloetan egon diren azken aurrerapenak partekatzeko eta etorkizuneko erronkak eztabaidatzeko.

BCAM-ek datorren urteotan antolatuko dituen zientzia-ekitaldi garrantzitsuen zerrendara gehitzen da ECML/PKDD. Besteak beste, Material Zientzien Aspektu Matematikoen Konferentzia - SIAM MS20 (2020ko maiatzaren 12tik 18ra) eta Modelizazio Estatistikoko Nazioarteko Biltzarraren 35. edizioa (2020eko uztailaren 19tik 24ra) topatu ditzakegu zerrenda horretan. Era honetan, Bilbok unibertsitate hiri gisa duen posizionamenduari laguntzen dio zentroak, Bizkaiko hiriburua Europa mailako gertakari zientifiko garrantzitsuenen anfitrioi bihurtuz.

BCAM - Matematika Aplikatuen Euskal Zentroari buruz

Basque Center for Applied Mathematics - BCAM 2008an Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Ikerbasqueren eskutik sortu zen nazioarteko ikerketa zentroa da, matematika aplikatuen eremuan aritzen dena. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Innobasquen laguntza du baita ere. Ezagutzaren transferentziaren bitartez matematika gizartearen zerbitzura jartzea du helburu nagusi zentroak, egindako ikerketaren emaitzak biozientzietara, osasunera, energiara edo fabrikazio aurreratura zabalduz, inguruko beste erakunde batzuekin elkarlanean.

Une honetan 25 herritartasunetako 100 kidek osatzen dute zentroa, datu zientzietatik modelatu matematikora doazen arloetan lan egiten dutenak. Mundu mailan euren arloan onenak diren ikerketa erakundeei Ikerketarako Estatu Agentziak ematen dien “Severo Ochoa” bereizgarria bi aldiz lortu du BCAMek. www.bcamath.org