BILBO. Iralako eta Ametzolako auzoetan aurkeztu da "Osasunaren gainean eraiki auzoa" komunitate-osasunari buruzko mahai-jokoa, auzoetako osasunaren mahaietatik sortutako proposamena, xedetzat duena osasuna sustatzea eritasun gabezia baino harago doan zerbaiten moduan, betiere galdera eta erantzunezko taula baten inguruan jolasean arituz. Ekimena "la Caixaren" Gizarte Ekintzak sustatutako kultur arteko komunitate-interbentzioko proiektuaren barruan sartzen da, zeina Bilboko Udalarekin eta Gazteleku Komunitate Garapeneko elkartearekin elkarlanean gauzatzen baita.

Hainbat kolektibo, zerbitzu eta auzotar ibili da, aipatutako auzo horretan, joko hori asmatzen, eta Komunitate Osasunaren Mahaiak sustatzen du ekimen hori, aditzera eman nahirik osasuna gauza zabal bat dela, ez dela eritasunari dagokiona bakarrik, badirela beste eragile sozial eta pertsonal batzuk ere osasunari eragiten diotenak. Horrela, bada, proposamenak bultzada berri bat dakarkio Bilboko Kultur arteko Komunitate Interbentzioko Proiektuari, "la Caixa"ren gizarte ekintzak, Bilboko Udalak eta Gazteleku Komunitate Garapeneko Elkarteak lagundurik, 2014ko ekainaz geroztik.

"OSASUNAREN GAINEAN ERAIKI AUZOA"

Komunitate Osasuneko Mahaian, Iralako eta Ametzolako auzoetako kolektibo eta zerbitzu tekniko anitzek parte hartzen du, 2017az geroztik. Harrezkero, "OSASUNAREN gainean eraiki auzoa" leloaren pean, hainbat jarduera sustatu dira, lurraldeko komunitate-osasunari lotuak: jarduera horien xedea beti izan da auzotarren osasun baldintzak hobetzea, eta auzoko kolektibo batzuen eta besteen artean sinergiak bilatu izan ditu. Jarduera horien artean daude, esate baterako, gosari osasungarriak, arkitekturazko oztopoak non dauden adieraztea mapa batean, ibilaldi osasungarriak, sukaldaritzako lantegiak, adinduak jausi ez daitezen prebentzio ikastaroak eta abar, eta abar.

Hitz joko horren bidez, auzoen garapena osasunerantz bideratzeak zer garrantzia duen nabarmendu nahi da, adituz ezen auzo kohesionatu eta elkar bizitza oneko bat edukiz onura eragiten zaiela auzotarrei. Hau da, pertsonak komunitate batean elkarrekin bizi badira eta elkar ezagutzen badute, elkar agurtzen badute, elkarrekin berba egiten badute, elkarri aditzen edo ulertzen badiote, guneak eta denbora elkarrekin banatzen badituzte...dagoeneko ari dira herritarren arteko elkarbizitza sustatzen euren auzoetan.

Komunitate Osasunaren Mahaiko lidergotik abiatuta, parte hartzeko hainbat gune eta formula sustatu dira, ekarpenak biltzearren. Hala, bada, bai kolektiboek eta zerbitzuek bai herritarrek aukera izan dute hainbat galdera eta proba proposatzeko mahai-jokorako.

JOKOA: EDUKIA ETA FUNTZIONAMENDUA

Jokoa banaka edo taldeka jokatzeko dago diseinatuta. Galderak eta probak eduki-bloke hauen araberakoak dira: elkarbizitza, hirigintza, baliabideak, historia eta ezagutza orokorrak. "Agurra", jokoaren ardatz nagusi gisa, partida osoan dago agerian, eta zeregin oso handia jokatzen du haren garapenean. Ohiko jokoez bestera, helburua ez da helmugara aurrenengo iristea, baizik eta pertsona eta ekipo guztiek lor dezatela helmugara iristea elkarlanaren bidez.

Jokoa bi euskarritan dator: ohiko taula bat, kartoizkoa, mahai baten inguruan jarrita jokatzeko, eta bi olana, 4x4 metrokoak, kanpoan edo aire zabaleko lekuetan jokatzeko. Azken modalitate horretan, jokalariak dira fitxak, eta dado erraldoi bat dago bota eta haiek ibilarazteko.

Taularen kasuan, 1.115 kopia banatuko dira auzoko kolektibo eta zerbitzu batzuen eta besteen artean, nahi duten guztietan jolas egin dezaten. Argitalpen hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako dirulaguntza bati esker egin da, "Tokian tokian osasuna sustatzeko programen garapena" izeneko lerroaren barruan. Olanez den bezainbatean, auzoetako edozein kolektibok izango ditu eskura; nahikoa izango du komunitate-taldeari eskatzea. Prozesua sustatu duten Iralako eta Ametzolako Udako Eskola Irekiak entitateen elkarlanari esker gauzatu da ekimen hau.

Era berean, ekimena garatzen parte hartu dute hainbat baliabidek, elkartek, auzotarrek eta taldek. Hauek izan dira parte hartu dutenak: Osasun eta Kontsumoa Saila; Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saila; Gizarte Ekintzako Saila; Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila; Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, "Zure Enea" eguneko zentroa (T-4), Euskadiko Médicos del Mundo; Gazteleku Komunitate Garapeneko elkartea; Eskurtze Institutua; Maitasun Errukitsuaren Ikastetxea; Tomás Camacho HLHIa, Gallego Gorria HLHIa, Bizi Bete (Cáritas), Etxaniz Suhiltzailea osasun etxea, Xenofobiaren Aurkako Taldea Berdinak Gara, Ongi Etorri Errefuxiatuak Irala, Labayru farmazia.