BILBO. Ledesma kaleko ostalariek ere lagunduko dute Udalaren ekimen honetan, eta neurria zergatik eta zertarako ezartzen den azaltzeko InfoBilbao orria banatuko dute, Bilboko Udalak argitaratua, eta inguruko etxebizitzetan ere banatuko da. Gainera, neurri horren inguruko kartelak jarriko dituzte euren lokaletan, eta “Baja el tono-Isilago egin” kanpainaren irudiarekiko eta logoarekiko elastikoak jantziko dituzte.

Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko alkateorde eta zinegotzi ordezkariak azaldu du ekintza berritzailea dela hau, eta bere Saila hirian gauzatzen ari den Soinu Estrategian sartzen dela: “Inguruko fatxadetan sonometroak jartzeko behar diren baimenak lortu dira, eta, hala, kalean eragiten den zarataren maila neurtu ahal izango da. Zarataren maila 83 dezibelio baino handiagoa denean, sonometroek argi-seinale bat igorriko dute lurrera, une horretan kalean diren pertsonei gogorarazteko isilago ibili behar dutela”.

Bilboko Udalak, proposamen honekin, herritarren elkarbizitzaren alde dagoela erakutsi nahi du, nahi du bateragarriak izan daitezen kalean, plazetan eta espazio publikoan gauzatzen diren aisialdiko jarduerak eta inguruko herritarrek atsedenerako eskubidea izatea.

Ekimena abian jarri ondoren, inguru hartan bizi diren pertsonen iritzia eskatuko da, emaitzak balora ditzaten. Beste alde batetik, Bilboko Udalak ere baloratu egingo du kanpaina eraginkorra izan ote den lortu nahi ziren helburuei dagokienez (zarata gutxitzea), haztatzearren ea jarraipenik izan ote dezakeen eta hiriko beste leku batzuetan berdin egin ote daitekeen.