gaur arratsaldean, 17:00etatik aurrera

Bilboko suhiltzaileek "Iralako auzoko adinduen astean" parte hartuko dute

08.02.2020 | 23:49
Bilboko suhitzaileak

BILBO.  Bilboko suhiltzaileek  "Iralako auzoko adinduen astean" parte hartuko dute gaur arratsaldeko 17:00etatik aurrera Iralako Frantziskotarren Parrokiako Ekitaldi Aretoan (Vista Alegre kaletik dauka sarrera). Aholkuak emango dizkiete adinduei suteen prebentzioaren gainean, etxean eta kalean istripuak eragoztearen gainean.

Udaleko dozena erdi suhiltzaile, Bilboko suhiltzaileen kirol- eta kultura-elkarteko kideak, beren borondatez arituko dira gaur arratsaldean BIZI BETE IRALA elkarteak kudeatzen duen Iralako lokalean; BIZI BETE IRALA elkartea Bizkaiko Cáritasen Adinduen Arloaren proiektu bat da, adinduei lagun egiteko eta bakardadearen kontra ekiteko xedea duena. Suhiltzaileek aholkuak emango dizkiete, etxean arriskuak nola saihestu erakusteko, suteak eragozteko, kalean nahiz garraiobideetan istripuak saihesteko, eta etxeetan ke-detektagailuak edukitzea zeinen garrantzitsua den adierazteko.

Udalak hainbat triptiko argitaratu zituen "Segurtasun-gomendioak adinduentzako" eta "Etxean sutea sortuz gero nola jokatu jakiteko aholkuak" gaien inguruan, eta segurtasunerako hainbat aholku eta gomendio eman zituen haietan, bereziki adinduentzat, eguneroko bizimoduan gerta litezkeen istripuak ahalik eta gehiena murrizteko.

Liburuxka horiek ekitaldi-aretoan izango diren pertsona guztiei banatuko zaizkie, eurak dira-eta istripu bat gertatuz gero kaltea errazen har dezaketenak, eta horregatik eman nahi zaizkie aholkuak istripuak nola saihestu jakin dezaten.

Oharrak dira, kalean nahiz etxean kontuan hartzekoak, edo garraio publikoak erabiltzean; edo oinarrizko zuhurtasun neurriak, su-ontziak, berogailuak eta gas- eta elektrizitate-instalazioei konektatutako gailuak erabili behar direnerako, edo bidea arriskurik gabe zeharkatzeko; edo gogorarazteko seinale berdeak iheserako direla (ohiko irteerak edo larrialdietakoak, ateetako izuaren kontrako barrak), eta, gorriak, aldiz defendatzeko (su-itzalgailua, alarma aktibatzeko giltza edo suteetako ur-ahoak).

Gaur egun, Bilbon, badira ia 30.300 pertsona adindu 80 urte baino gehiagokoak, eta horietatik 16.100 bakarrik bizi dira, edo adinekoek lagunduta, eta beren auzoetako eguneko zentroetara joan ohi dira. Bilboko Udalaren Babes Zibilak, hori dela-eta, uste du axola handiko kontua dela pertsona horienganaino iristea, prebentzioaren inguruko gaietan aholku ematera, eta gogoraraztera ke-detektagailu baten bidez bizitzak salbatu daitezkeela, etxean kea sortuz gero edo sua piztuz gero zabaldu aurretik jotzen baitu abisua.

Baina ez da hori izango Bilboko suhiltzaileen ekintza bakarra. Ekintza hau, bestalde, Bilboko suhiltzaileek pertsonarik ahulenei bisitak egiteko elkartasunezko ekimenaren barruan ere sartzen da, hau da, adineko pertsonei eta gaixorik dauden adingabeei.

Ekimen horren azken xedea da pertsona kalteberenei ohartaraztea zeinen axola handikoa den prebentzioa, etxeetan arrisku handiagoak saihesteko eta suteak eragozteko. Etxeetan izaten diren suteetako asko saihesteko modukoak dira: autobabeserako neurri batzuk kontuan hartu besterik gabe.