Bilbon gabonen atarian egiten den ohiko azoka honekin batera, BBK-k Gernikako Urriko Azken Astelehenari ematen dion babesak ere bere horretan dirau, 2005etik merkatuaren laguntzailea baita finantza-erakunde bizkaitarra.

Guztira, 2009an BBK-k bi milioi eurotik gora bideratu ditu 203 azoka antolatzeko, guztiak Bizkaiko nekazaritza-produktuekin. Zehazki, BBK 136 nekazaritza-azokatan, abelgorrien 15 feriatan, 19 azoka monografikotan, mikologiako 29tan eta itsasoari eskainitako beste lautan izan da.

Ohikoa denez, BBK-k bere gain hartzen du dozena bat azoka antolatzeko ardura, besteak beste, Santo Tomasekoa, eta beste merkatuei laguntza aktiboa eskaintzen die. Laguntza horren bitartez, azoka hauek stand bereziak izaten dituzte, horrelako ekitaldietarako espreski prestaturikoak, eta laguntza publizitarioa jasotzen dute. BBK-k sarien ardura ere izan ohi du.

Bizkaiko Barne Produktu Gordinaren %0,59 ekoizten du lehen sektoreak, eta BBKren Gizarte Ekintzak duen ohiko aurrekontuaren %3 jasotzen du laguntza-atal horrek. Produktuen komertzializazioak jasotzen duen babes zuzenaz gain, nekazaritza-arloko enpresak sortzeko eta alor honetan gazteen laneratzea sustatzeko ahalegina egiten du Aurrezki Kutxak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Lan-ekintza ildo honetan, BBK-k sei enpresa berri sortzen lagundu du aurten, BBK Gazte Lanbidean Fundazioaren bitartez. Enpresa guztiok gazteek sortu dituzte, eta denak lehen sektorekoak dira. Hala nola, landareen haztegia zabaldu da Lemoizen; Mundakan eta Lemoizen produktu ekologikoen bi ustiapen berri sortu dira; eta nekazaritzako beste ustiapen bat Zamudion.

Horrez gain, lau langile dituen arrantza-ontzia itsasoratu da Bermeon eta lorategien garbiketarako beste enpresa bat zabaldu da Bakion. Enpresa berriok guztiok, bederatzi lanpostu sortu dituzte guztira.