Amaitu egin dira dagoeneko Etxebarriko San Antonio auzoko ur-hornidura sarea indartzeko eta harribidea birjartzeko lanak. Birjartze-obrak 63.621,35 euroko inbertsioa behar izan du, eta ur-hornidura indartzeko jarduketak, aldiz, 136.295,35 eurokoa guztira.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hainbat hilabete daramatza iaz, urtearen hasieran, lur-jausien ondorioz hondatutako eremuan jarduketak egiten; izan ere, lur-jausiek San Antonio auzoaren hornidura kaltetu zuten. Etxebarriko Udalarekin lankidetzan, zenbait obra egin dira sarea babesteko, eremu horretako hornidura-bermea indartzeko, lursaila egonkortzeko eta kaltetutako oinezkoentzako ibilbideak lehengoratzeko. Lanak apirilaren azken astean amaituko dira, baina Metroko igogailurako eta San Antoniorako oinezkoen sarbidea astezkenean, hilak 13, zabaldu zen berriro (12:00 etan).

2021eko urtarrilaren 28an eta otsailaren 12an, gorabeherak egon ziren Etxebarriko hornidura-sarean, San Antonio auzoa hornitzen duen hodia hautsi zuten bi lur-jausiren ondorioz. Ur Partzuergoak azterlan geologiko bat jarri zuen martxan, materialen herrestatzea eragin zuten arrazoiak ezagutzeko eta neurriak hartzeko, sareak kalte gehiago jasan ez zezan. Aldi berean, hainbat jarduketa egin dira hornidura-bermea indartzeko, eta behin betiko irtenbidea eman zaio puntu horri.

Izan ere, maiatzean beste lur-jausi bat gertatu zen eta kalteak eragin zituen San Antonio auzoaren erdiko eremua eta metroaren 3. linea lotzen dituen igogailura iristeko oinezkoek erabiltzen duten bidean. Luiziak hainbat afekzio eragin zituan bide horretan —itxita egon dena— eta inguruko hornidura-hodietan.

Arazoari premiazko irtenbide bat emate aldera, eta azterlan geoteknikoa egin ondoren, hornidura-hodiak mikropilotezko pantaila baten bidez eutsi ziren. Ondoren, askatutako materiala kendu eta gero, betelanak egin ziren harri findugabearekin eta harri-lubetarekin. Halaber, bidea birjarri da 15 cm-ko zabor-legar artifizialarekin eta 20 cm-ko lodiera duen hormigoi armatuzko zolata batekin, aurretik zeukan trazadura bera mantenduz.

Horrez gain, bidetik igarotzen den linea elektrikoaren PVCzko hodia aldatu da, eta lur-jausiaren ondorioz kaltetutako farola bat ere ipini da. Bidearen ezkerreko aldean, zurezko baranda bat jarri da, materialak N-634 errepidera erortzea saihesteko. Lanak amaitzeko, ezponda estaliko da, bai abiaburuan, bai behealdean, metro linealeko bi igokari jarrita, lursailaren higadura prebenitzeko asmoz.