Basauriko Udalak berdeguneak eta zuhaiztiak babesteko ordenantza onartu du udalbatzaren azken osoko bilkuran. Horrela hasierako onarpena eman dio ordenantza berriari. Gobernu taldeak oposizioko alderdiek egindako hainbat ekarpen jaso ditu testuan. Ordenantza hau idatzi da, hain zuzen, “Basauriko udalerrian dauden berdeguneek eta lorategiek beren funtzioak betetzen dituztela bermatzeko; ingurumena hobetu, aisialdirako eta lasaitzeko espazioak izatea, eta udalerria edertzeko”, azaldu dute udal arduradunek.

Ordenantza berriaren atal garran- tzitsuenetako bat Basauriko zuhaitz esanguratsuen katalogo bat sortzea izango da. Horrela “tamaina, adina, historia edo ezaugarri estetikoak aintzat hartuta, udalerrian bereziki babestu behar diren zuhaitzak eta zuhaixkak sartuko dira. Katalogoak kontserbazio- eta dibulgazio-xedea izango du, eta publikoa izango da”. Gune horiei babes osagarria eman behar zaienez, “ordenantzak herritarren erabilerak eta bizikidetza arautzen ditu espazio horiei dagokienez, eta hainbat irizpide ere ematen ditu, kontserbazioari, landaketa berriei eta oraingo landarediak eta zuhaiztiak berriztatzeari begira”.

Udal-babeseko aisialdiko guneei dagokienez, ordenantzak sustatutako erabileren artean, aipatzekoak dira, batetik, “interakzio soziala, aire zabaleko kirola eta aisialdi osasungarriak, eta, bestetik, gizon eta emakumeen segurtasuna eta mugitzeko askatasuna, eta aukera-berdintasuna espazioetara sartzeko”. Eta debekatutako erabilerei dagokienez, besteak beste, “ez dago baimenduta ibilgailu motordunen zirkulazioa, eta ezin dira soinu-ekipoak erabili, ondoko etxeetan entzuten direnean edo haien bolumenak alboko mahaien elkarrizketak eragozten dituenean, eta, oro har, ezin dira erabili ekipo horiek 22:00-10:00ak bitartean”, azaldu dute.

Gainera berdegune berriak sor- tzeko edo daudenak osorik berri- tzeko, diseinu-proiektu integral bat idatzi beharko da, “genero-berdintasuneko, konfort akustikoko eta energia-eraginkortasuneko irizpideak bete beharko dituena”. Puntu horretan, Elkarrekin Podemosi onartu zaizkion zuzenketetako bat sartu da, eta gaineratzen du Udalaren konpromisoa “herritarren partaidetza pixkanaka sustatzeko udalerriko berdeguneen diseinuan”.

Berdegunetan “herritar guztiek errespetuz jokatu beharko dute gainerako erabiltzaileekiko; era berean, zuhaiztiak eta landaketak errespetatu beharko dira, baita instalazio osagarriak eta hiri altzariak ere”. Elkarrekin Podemosek hala proposatuta, lorategien mantentze- eta kontserbazio-lanak lorezaintza ekologikora bideratuko dira pixkanaka, “basa-flora eta -fauna errespetatuta eta sustatuta, eta ingurumenean duen inpaktua aintzat hartuta”.

Bestalde, testuak zehazten du zuhaitz-espezieen kokalekua bide publikoan, “haien tamainaren eta igarobide, eraikin eta abarretiko gorde behar duten distantzien arabera”. Debekatuta egongo da landare-espezie inbaditzaileak landatzea. Era berean, kendu egingo dira hilik dauden zuhaitzak eta, egindako azterketa teknikoen arabera, arriskutsuak izan daitezkeenak. Bestalde, “inausketak, ahal den neurrian, zuhaitzaren indarra eta funtzionaltasuna mantendu beharko ditu, baita zuhaitzaren forma edo egitura naturala eta espeziearen ezaugarriak errespetatu ere”. Ordenantzak ezarritako betebeharren ez-bete- tzeetatik eratorritako zigorren araubide bat zehazten du.