Basaurik hainbat jarduera antolatu ditu abenduan euskararen erabilera sustatzeko. Kultur ekintzen bidez euskara bultzatzea eta hizkuntza ohiturak aldatzea bilatuko du Euskaraz bizi gura dot egitarauakEuskaraz bizi gura dot. Horrela, 20 kultur, kirol eta aisialdi ekintza antolatu ditu Basauriko Udalak, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean. Euskaraz bizi gura dot programazio berezia prestatu da; orotara, musika, kirola eta kultura erdigune duten hogei ekintza umeei, gazteei eta gurasoei zuzenduta.

"Egitarauaren lanketan herriko hainbat elkartek parte hartu dute, Euskararen herri batzordearekin batera. Azken urteotan Udala eta herri eragileek lan egin duten ildo berean sakontzea bilatzen du abenduko programazio honek", azaldu dute Udaleko ordezkariek. Gaur, Euskararen Egunaren bezperan, bi ekimen nagusi izango dira: batetik, Beat izenez jaio berri den Basozelai auzoko euskara talde berriaren aurkezpena, 18:00etan, Basozelai Gizarte Etxean. Bestetik, ordu berean baina Social Antzokian, Basauriko Musika Eskolaren ekitaldia antolatu da. Ikasleen emanaldiak eta Xabi Hoo, Kai Nakai eta STR artisten hitzaldi musikatuak izango dira ikusgai bertan, Jon Gomezek aurkeztuta.

Bihar ekitaldiz beteta etorriko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Goizean goiz, 10:00etatik aurrera, Urbi institutuko, eta San Jose eta Basauri ikastetxeetako 80 ikaslek mintzodromoa egingo dute Solobarria plazan, Berbalagunek dinamizatuta. "Gazteekin bereziki antolatu den lehen mintzodromo dinamika izango da aurtengoa". Arratsaldez, umeei zuzendutako ipuin kontaketa egingo du Ana Apikak Kareaga Kultur Etxean, 17:30ean. "Eta ordu berean, Solobarria plaza izango du erdigune kulturak: Basauri Eskubaloi Taldeak euskaraz entrenamendu bat nola egiten duten erakutsiko digu".

Ondoren, 18:00etan, Dantzalagunek dantza-sorta prestatu dute bertaratutako guztiek dantza egiteko. Tartean, herriko txalapartarien erakusketa egongo da eta, azkenik, 18:30etatik aurrera, Denbora muga barik bertso-saioa egingo da Solobarrian, Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta. Lau bertsolarik parte hartu dute saioan, tartean, Ander Anakabe eta Enare Muniategi. Egunari amaiera emateko, José Miguel Etxebarria Álvarez Naparra istorioa jasotzen duen Bolante baten historia filma emango dute Social Antzokian, 20:00etan. Abenduan zehar, "euskara sustatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko helburu bera duten ekintza gehiago antolatu dira", diote. Abenduaren 17an, Baskot Gaua ospatuko dute Berbalagunek 20:00etan Solobarrian.

Hilaren 22an, Social Antzokian, 18:00etan hasita, Zu Kaitz Ez musika ikuskizuna egongo da ikusgai, Easo Gazte Abesbatzarekin eta Easo Eskolaniarekin. Ekintza guztiak doakoak izango dira, Social Antzokian biharko musika ikuskizuna izan ezik. Gainera, azaroaren 15etik abenduaren 15era bitartean, Bilboko Moyua eta Basauri Metro geltokietan, Denbora muga barik literatura erakusketa egongo da ikusgai. "Bizkaiko idazle klasikoen literatura herritarrengana hurbiltzea da Euskal Idazleen Elkarteak antolatutako erakusketaren helburua". Informazio gehiago sare sozialen bidez lortzeko aukera dago: facebook.com/basauritarrak edo instagram.com/ basauri_euskaraz.