Basauriko Ibaigane Kultur Etxean egingo da Rubik Kuboren Erakunde Mundialak (WCA) antolatutako nazioarteko Rubik txapelketa, formatu ofizialean. Abenduaren 11n izango da. Lehiaketa honen antolatzaileek (Basauriko Udalaren ZirtZart gazte zerbitzua eta Euskal Rubik erakundea) lortu dute “erakunde mundialak finkaturiko baldintzak betetzea, eta horri esker covid-19aren agerpenaren ondoren hauxe izango da estatuan jokatuko den lehen txapelketa”, azaldu dute Udaletik.

Zortzi kategoria ezberdin jokatuko dira: 2x2x2, 3x3x3, 4x4x4, 5x5x5, Skewb, Pyraminx, Blind eta Square-1. Goizeko hamarretatik hasita “hamar bat orduko iraupena duen jardunaldia iragarrita dago. Lehiakideen esku egongo da hautatzea zein kategoriatan jokatu”. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, horretarako sorturiko webgunearen bitartez, https://www.worldcubeassociation.org/competitions/BasauriOpen2021, eta abenduaren 5era arte egongo da epea zabalik.

Lehiakideen kopurua mugatua da, eta izen-emate hurrenkeraren arabera sortuko da zerrenda. “Parte-hartzaile zerrendako batek egun horretan bertaratzea ezinezkoa balu, antolakuntzari horren berri eman beharko dio itxaron-zerrendan dagoen batek bere postua bete dezan”. Publikoari dagokionez, sarrera doakoa da areto nagusia bete arte. Musukoaren erabilera derrigorrezkoa da, eta debekatuta dago bertan jatea.

Argibide gehiagorako ZirtZart Gazte Informazio Bulegoan lortu daiteke, baita 944 666 430 zenbakian, zirtzart@basauri.eus helbide elektronikoan, zir-tzart.basauri.eus webgunean edo Zirt Zart zerbitzuaren sare sozialetan.