Basauriko Udaltzaingoak 18.240 esku-hartze egin zituen iaz. Datuen arabera, aurreko urtean baino % 41,5 gehiago. 2020a Covid-a eta murrizketak baldintzatutako urtea izan zen, eta Basauriko Udaltzaingoen esku-hartzeek gora egin zuten % 41,5. Zentzu honetan, 2019an, 12.890 izan ziren, eta aurreko ekitaldian, berriz, 18.240.

Beste datu aipagarri bat da udaltzainek artatutako telefono-deien kopurua, izan ere, dezente gora egin zuen; % 70 hazi zen (26.655 izan ziren 2019an; eta 45.387, aldiz, 2020an). "Horrek erakusten du basauriarrek konfiantza dutela tokiko segurtasunarengan, bereziki, guztiontzat hain zailak izan diren garaietan zehar", aipatu dute Udaletik.

Iaz, gainera, kalean oinez egindako patruilatzea % 116 areagotu zen: 2019an, trafikoa zaintzeko oinezko 136 patruila egon ziren, eta 2020an, aldiz, 295. "Horiei gehitu behar zaizkie korrikak direlakoak, kaleak oinez patruilatzen dituzten udaltzainak, herritarrak babesteko eta delituak ekiditeko, zeinak proportzio berean hazi baitziren (2020an, 442 zaintza egin zituen Udaltzaingoak)".

Udal ordenantzak betetzea kontrolatzeko 1.602 esku-hartze egon ziren, gehienak (753) zaratei lotutako gorabeherengatik izan ziren; bigarren tokian (552) egon ziren animaliekin izandako gorabeherengatikoak (kontrolik gabeko txakurrak tarteko, batez ere); eta, "azken multzoan (188), partikularren arteko eztabaiden gaineko esku-hartzeak egon ziren".

Trafikoaren eta bide-segurtasunaren alorrean, "istripu larrien kopurua nabarmen hobetu zen, 2020an, ez zen hildakorik egon Basaurin, trafiko-istripuengatik". Alarma-egoeraren ondorioz mugikortasuna mugatu zutenez, "murrizketa gehien egondako hilabetetan, "% 41,46 jaitsi ziren zaurituak izandako istripuen kopuruak (41, 2019an; eta 24, 2020an), Bizkaian izandako % 28,32ko jaitsiera, edo EAEko % 20ko jaitsiera baino askoz gehiago, beraz". Azpimarratzekoa da istripuen arrazoi nagusia (% 72) deskuiduak izan zirela.

Prebentzio-jarduera

Beste alde batetik, Udaltzaingoa eraberritu eta berregituratzeko prozesua egon zen martxan iaz, eta, "horren barruan, antolaketa eta jarduna kudeatzeko prozedura berriak ezarri zituzten". Horri esker, "babes- eta prebentzio-jarduera areagotu ahal izan zuten, 3.151 zaintza prebentibo egin ahal izan zituzten (dendetan, enpresetan, adinekoei lapurtzea ekiditeko...)", eta 2.411 babes-ekintza egon ziren (729 segurtasun-kontrol, adibidez).

Gainera, udal arduradunek azaldutakoaren arabera, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzen ari ziren pertsona gehiago detektatu ahal izan zituzten udaltzainek. Horrela, "antzemandako gidari mozkorren kopurua bikoiztu baino gehiago egin zen (9 izan ziren 2019an, eta 23, berriz, 2020an). Trafikoaren alorreko arau-hausteak, aldiz, % 34 jaitsi ziren (2019an, 2.298, eta 2020an, ostera, 1.515)".

Delitu kopurua antzekoa izan zen 2019an eta 2020an. "Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 1.558 delitu hauteman zituzten 2019an, eta 1.647, berriz, 2020an". Bestalde, "erasoek behera egin zuten % 38, 158, 2019an eta 97 2020an (61 gutxiago)". Beste alde batetik, etxeetako lapurretek ere behera egin zuten (% 36 gutxiago). "Aldiz, ondarearen kontrako delituen kopuruak gora egin zuen % 10,3. Horrela, 1.126tik 1.242ra pasatu zen.

"Laburbilduz, esan daiteke pandemiak eta murrizketek erabat baldintzatutako 2020an zehar, Udaltzaingoak jarduera etengabea izan zuela: 2.000 zaintza espezifiko baino gehiago egin zituzten (bereziki, kontrolak errepideetan eta oinezkoen gune jendetsuetan), zeinen ondorioz murrizketak ez betetzeagatiko 743 salaketa egon baitziren".