Gabonetako jaiotzak

Aurtengoan arazo txiki bat egon da; “ezin bisitatu lagunen etxeak euren jaiotzak ikusteko eta alkarregaz komentatzeko”. Baina arazo hori txiki geratu da, eta irtenbide bat bilatu zitzaion. Horrela, etxeetan prestatutako jaiotzei argazkia egin eta sareetan konpartitu beharra zegoen lehiaketan parte ahal izateko. Bedia, Lemoa, Igorre, Arantzazu, Artea, Areatza eta Zeanuriko hamaika jaiotzen argazkiak WhatsApp bidez ibili dira bidaltzen, baita elizako blogean konpartitu ere.

Aurten elementu komun bat izatea eskatu da antolakuntzatik; Arratiako Tranbia Solidarioaren maketa agertu behar zen jaiotzean. “Arratiatik Belenera, bidaia magiko bat eginez, eta pobreari eskua luzatuz, Palestina eta Bizkaia uztartuz. Tranbia Solidarioa tranbia magikoa bilakatu da”.

Mota guztietako jaiotzak aurkeztu dira. Jaiotza ekologikoak, kirolzaleak, euskaldunak, nikaraguatarrak... Irabazleak aukeratzea ez da lan erraza izan. Lehen saria Puy Arrietak eta Izaro Etxebarriak irabazi dute. “Jaiotza oso naturala egin dute, ingurumenari balioa emanez”. Gorbeiako iñarra arbolak irudikatu dituzte, “misterioa enbor hutsitu baten…”.

Bigarren saria Nerea Ibarretxe eta Leire Arrizabalagarentzat izan da. “Jaiotzaren misterioa ingurunean errotuta dagoen entitate batekin uztartzen du”. Aita Arratiako futbol taldean aritu zen gaztetan eta taldearen bufandak oinarria eta kirolzaletasuna ematen dio jaiotzari. Hirugarren sari bi egon dira, biak berdinduta. Bata euskal jaiotza, Jon eta Sabin Martinez eta Ainara Pagazaurtunduak aurkeztua. Eta Euskal Herritik Nikaraguara, era sinbolikoan bidaiatuz, beste saridunak, Amets, Aimar eta Lezuri Bilbao Bollar neba-arrebak izan dira. “Amak Nikaraguatik ekarritako irudi artesanalak hartu dabez oinarri euren jaiotza egiteko”.

Sari moduan, Kidenda elkarteko bidezko merkataritzazko produktuz osatutako otzarak, Gorbeia inguruko ipuinen liburua, Manu Etxebarriak idatzia, edota Juanjo Elezkanoren kanten CDak banatu dira. “Baina saririk onena tradizio honi eustea, egindako lantxoak partekatzea eta alkarregaz jolastea” izan da, aipatu du Kortazarrek.

Baloreak

Aurtengoa, lehiaketa honen hirugarren edizioa izan da. Gero eta jaiotza gehiago aurkezten dira eta jendeak ilusioz parte hartzen du. Ekimen hau nola sortu zen jakiteko, Gabonetako baloreei begiratu behar zaie. Galdera batzuk erantzun nahi izan zituzten antolakuntzatik: “Jesus gabe, zer geratuko da Gabonetatik? Erosketak, jarduerak... Nork mantentzen du bizirik gure itxaropena? Nork egingo ditu solidarioak gure Gabonak?”.

Horri erantzunez, gonbidapen bat egin zuten. “Jaiotza bat etxean edo dendan. Otoitz bat afaldu edo bazkaldu aurretik. Etxeko txikiek egindako Jesusen marrazkia. Gabon-kanta bat, nahiz eta pixka bat desafinatu...”, eta era berean, jaiotzen lehiaketa martxan jarri.

“Arratiako herri artean norgehiagoka sano bat dagoenez eta katekesiko arduradunek ez egiteko inoren alde, jaiotza guztiak izen barik sareratu ziran”. Dirudienez, eta Kortazarrek dioen bezala, jaiotzaren jatorria Erdi Aroan dago. “1223ko Gabon gauean, San Frantzisko Asiskoak Greccioko (Italia) ermitatik gertu dagoen kobazulo batean kristau tradizioa erreproduzitzea erabaki zuenenan, Jesukristoren jaiotza gogoratzeko jaiotza antolatu zen gabonetako lehen ospakizuna izan zen”.

Aurtengoa lehiaketa honen hirugarren edizioa izan da, gero eta jaiotza gehiago aurkezten dira eta jendeak ilusioz parte hartzen du

Mota guztietako jaiotzak aurkeztu dira; jaiotza ekologikoak, kirolzaleak, euskaldunak, nikaraguatarrak...