- Bertako-Javi Conde-Basauri Atletismo klub egokituak beste kirol lorpen oso garrantzitsu bat lortu du. Estatu mailan egin du berriro, eta, gainera, Espainiako Atletismoko txapeldun titulua berretsi du, desgaitasun intelektuala duten atletentzako kategorian. 2020a bezalako urte zail honetan, talde basauritarrak titulu garrantzitsu bat eskuratu du berriz ere, eta azken urteotan lortutako emaitza onekin jarraitzen du; izan ere, azken urteotan Estatuko klub garrantzitsuenetako bat izan da Atletismo egokituaren panoraman eta horrela jarraitzeko helburua daukate.

Txapelketa maiatzean izan behar zen aurten, Albaceten, baina atzeratu egin behar izan zuten covid-19ak eragindako egoerarengatik. Osasun egoerak sortutako zailtasunak ikusita, Espainiako federazioak txapelketa 2020ko irailaren 18tik abenduaren 20ra ranking bidez jokatzea erabaki zuen orduan. Hiru hilabete horietan, Basauriko klubeko atletak Zaragozan, Valentzian, San Fernandon eta Bizkaian aritu ziren lehian. Bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, talde bizkaitarrak La Par (Madril) eta Puertollano (Ciudad Real) taldeak izan ditu lagun podiumean.

Txapelketa ebazteko, “atleta absolutuek, juniorrek eta T21ek (Down) lortutako emaitzak hartzen dira kontuan”, azaldu du Javi Condek. Guztira “19 taldek parte hartu dute adimen urritasuna duten atletentzako pistako atletismo txapelketa honetan”, beraz meritu handiko lorpena da Basauriko taldeak lortutakoa.

Aipatzekoa da, klubeko atletek lortutako dominak. Horrela, Mikel Garciak, Daniel Orjuelak eta Yehuri Rodriguezek Espainiako hiru errekor lortu dituzte. Condek dioen bezala, “emakumezkoen zein gizonezkoen txapelketa absolutua lortzea da Bertako-Javi Conde klubaren arrakastarik garrantzitsuena”, eta “opari ederra 2021ean ospatuko dugun klubaren sorreraren 25. urteurrenagatik”.

Kluba erreferentzia bat da kirol egokituan. Kirol lorpenak giza lorpenen eskutik joan dira beti, Javi Conderen taldearen beste zati garrantzitsu bat baita. Condek behin baino gehiagotan esan duenez, “gure kirolarientzako oso garran-tzitsua da sentitzea hau benetakoa dela, kirola beste edozeinek bezala egiten dutela”, ezgaitasunen bat duten atletei erreferentzia eginez. Gogoratu beharra dago gainera, Basauriko taldean urritasunik ez duten kirolariak ere badaudela, eta horiek ere entrenatzen eta lehiatzen direla. Une honetan, klubean “kirolarientzako berrogeita hamar lizen-tzia inguru ditugu, eta horiei laguntzaileen eta teknikarien laguntza gehitu behar zaie”.