Basauriko Sozial Antzokian

Azaroaren 20an ospatuko da Rockein musika lehiaketaren finala

12.11.2020 | 20:25
Rockein lehiaketaren zortzigarren edizioaren finalaren aurkezpena.

BILBO. Hemen da Rockein musika lehiaketaren zortzigarren edizioaren finala. Datorren asteko ostiralean, azaroak 20, Basauriko Sozial Antzokiak ekitaldi berezi honen azkenengo txanpa jasoko du. Finalean parte hartuko duten taldeen kontzertuak arratsaldeko 18:00etan hasi eta 21:00etan amaituko dira. Aldez aurretik gonbidapena jaso behar izango da esteka honetan.

Ekitaldira Basauriko eta mugakideak diren herrietako (Bilbao, Etxebarri, Galdakao, Arrigorriaga eta Zaratamo) biztanleak joan ahal izango dira, eta gonbidapena ziurtagiri moduan erabili ahal izango da.

Rockeinen finala murriztutako edukierarekin egingo da, eserlekuekin, eta Covid-19aren araudi guztiak betez (distantzia soziala, maskara nahitaez erabiltzea, leku komunak garbitzea, barrarik gabe€). Finalera ateak irekitzen direnetik (17:30) 19:00etara bitartean sartu ahal izango da. Sartu eta gero, aukera izango da edozein unetan antzokitik ateratzeko, baina ezin izango da berriz sartu.

Ekitaldia streaming bidez emango da Rockeinen Youtube kanalean, indarrean dauden murrizketen ondorioz etortzeko aukera izango ez duten pertsonek ikusteko aukera izan dezaten. Laudioko biztanleen kasua izango da, bertako Udala lehiaketaren erakunde laguntzaile izan arren.

Airu, Berangoko Irune Vega abeslari eta konpositore gaztearen proiektu musikala; Cecilia Payne, 80-90 hamarkadetako indie-rocka egiten duen laukote bizkaitarra; eta Mungiako Wicked Wizzard stoner-rock hirukotea. Horiek dira Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.

Finalean joko duten beste hiru taldeak dira Koiu (punk-rocka euskaraz, Galdakao-Usansolo), La Tokokera (cumbia, reggae, merengue, ska, salsa; Galdakaoko taldekide batekin) eta La última bala (rock klasikoa egiten duen hirukotea, Basauriko kide batekin). Talde horiek aukera izango dute Tokiko artistarik onenari saria irabazteko, Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatutako kide bat gutxienez daukaten proiektuak saritzen dituen kategorian. Dena den, kategoria nagusiko Cecilia Payne taldea, Arrigorriagako kide bat izanda, sari nagusia eskuratuko ez balu, Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagai izateko kontuan hartuko luke epaimahaiak, lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenari jarraituz.

Ohi bezala, Euskarazko artistarik onenaren eta Publikoaren sariaren irabazlearen izenak finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak.

Rockein Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Eta Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da.