- Etxebarriko Udalak herrian euskararen erabilera sustatzen lagundu nahi du. Ekintza desberdinak martxan jarri dira azken urteotan helburu hori lortzeko. Orain, Udalak euskararen normalizazioari eta erabileraren garapenari buruzko udal ordenantza aldatzeari ekin dio. Zentzu honetan, ordenantza berria onartzeko prozesua abian jarri du.

Azaldu duten bezala, ikusi du beharrezkoa dela "2004an onartutako indarrean dagoen ordenantza eguneratzea, Etxebarriko euskararen normalizazio prozesua araupetzen jarraitzeko". Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan adierazitakoa betez, "ekarpenak egiteko aurretiazko prozedura hasi da ordenantza hau aldatzeko proiektua egiteko".

Horrela, lehenengo fase honetan, Udalak inprimaki bat eman du udal webguneko iragarki-taularen bidez, "ordenantza-proposamenean sartzeko interesgarritzat jotzen diren ekarpenak egiteko". Ekarpen horiek urriaren 7ra arte egin ahal izango dira.

Bigarren fasean berriz, Udalak ordenantzaren proposamena argitaratuko du, jende guztiak "horren berri izan dezan eta dagozkion alegazioak eta iradokizunak egin ditzan". Azkenik, dagokion informazio-batzordean eta osoko bilkuran aurkeztuko litzateke, hasierako onarpena eztabaidatzeko.

Etxebarriko euskararen erabilera normalizatzeko eta areagotzeko Udal Ordenantza 2004. urtekoa da, eta bertan, euskararen erabilpena udal administrazioaren barne funtzionamenduan eta baita udalerrian garatzeko zenbait atal agertzen dira. Oraingoan, puntu horiek eguneratuko dira, normalizazioaren helburu hori lortzeko.