GALDAKAO. Pasaden ostegunean, urtarrilaren 23an, arratsaldez, Galdakaon kokatuta dagoen Gandasegiko areto nagusiak herritar ugari hartu zituen. Arrazoia herriko Gobernu taldeak antolatutako gobernu planaren aurkezpena izan zen. Bertan, auzokide bakoitzak bere pentsaera aurkezteko aukera izan zuen plana herritarrei zuzen-zuzenean aurkeztu eta gero, non Galdakaoko alkateak agintaldi honetan herri hobe bat egiteko proposamena egin zuen. Ekitaldia amaitzeko, guztiak elkarlanean aritzeko gonbidapena egin zien, baita bertaratu izana eskertu ere.

Galdakaoko Udalak datozen hiru urte eta erdietarako prestatutako proiektuak dira ostegun arratsaldean aurkeztutakoak; udal gobernuak legealdi osorako iparrorratz gisa izango dituenak. Zazpi ardatzetan banatutako ehun neurri zehatz gauzatzeko konpromisoa hartu du gobernuak, herriarekiko egindako kontratu gisa.

Ehun neurri zehatzak biltzen dituen eskuorria herritarren eskura jarri du udalak, eta horietako batzuen nondik norakoen azalpena ere eman du. Datorren astean Galdakaoko etxe guztietara bidaliko den aldizkarian jasoko da zertan datzan ehun neurri horietako bakoitza.

Otsail hasieratik erabilgarri egongo den webgune berri batean -www.galdakaodenontzat.eus- ere ezagutu ahalko da proiektu bakoitza. Eta ez hori bakarrik: horietako bakoitzaren egoeraren jarraipena ere egin ahalko dute herritarrek. Proiektu bakoitza hasi gabe, hasita edo bukatuta dagoen erakutsiko da modu erraz eta ulergarrian. Horrela, udalak agindutakoen betetze maila neurtu ahalko dute, aldiro, herritarrek, gardentasunerako jauzi bat eginda.