Galdakao - Guztiontzako proba bat dela argi utzi zuten atzo antolakuntzatik. Galdakaoko Azken Gudaria probak 30 oztopo izango ditu eta modu desberdinetan aurre egiteko pentsatutako lasterketa bat da. Hori azalduta eta jendeak hori jakinda, parte hartzera animatu zuten atzo antolatzaileek. DEIAren babesa daukan oztopo lasterketa hau ez da beste batzuk bezalakoa izango, eta herri kiroletan oinarritutako proba da Azken Gudaria. Zentzu honetan, datorren irailaren 29an, Galdakaoko kaleak kirolez beteko dira. 30 oztopoen artean, herri kiroletako hainbat joku jarriko dira ibilbidean.

Horien artean aipagarrienak txinga-erutea, fardoak eta ingudea, hala nola zaku-eramatea eta harri-jasotzea izango dira. “Sektore honen profesionalek lagundu digute probak diseina-tzerakoan. Kirol-proba honen zertzelada indartsuena da, gure kulturari eta inguruari keinu egiten diolako”, diote antolakun-tzatik. Orain arte, inskripzioak “erritmo onean doaz” eta 400 edo 500 pertsona batzea da helburua. Proba ahalik eta hoberen ateratzeko eta lasterketa egiten dutenek benetan gozatzeko, txandatan burutuko da.

Horrela, “talde bakoitza 20 minutuko tartearekin aterako da, oztoporik blokeaturik aurki ez dezaten”. Lasterketa 10:00etan hasiko da, Urreta kiroldegitik abiatuta, eta gutxi gorabehera 150 kirolari aterako dira txanda bakoitzean. “Lehenik, eliteko kirolariek parte hartuko dute arintasun handieneko probekin eta ostean herritarren txanda izango da”. Guztira 10 kilometroko ibilbidea gainditu beharko da Azken Gudaria izateko. Lasterketa asfaltoa, lupetza eta ura oztopoekin gainditu beharko dute.

“Proban nahi duten guztiek parte har dezakete, beti ere ondo pasatzeko helburuarekin. Jendeak ez du beldurrik izan behar, mundu guztiak egin dezakeelako”, azaltzen dute. Hori izango da beraz helburu nagusia; “proba ondo ateratzea eta batez ere egun horretan ondo pasatzea”. Azken Gudarian parte hartzeko www.azken-gudaria.com web-orrian izena eman beharko da irailaren 22rarte (hau barne). - I. Ugarte