Tokiko merkataritza eta zerbitzuen kontsumoa sustatzea eta herritarrak tokiko establezimenduetan erostera animatzeko helburuarekin jarri du martxan Gu Dendari elkarteak Mozoilo Txartela izeneko kanpaina. Horretarako, indarrak batu ditu Galdakaoko Udalarekin. Formula honek Bono Denda ekimena ordezkatuko du.
Abenduaren 31ra arte egongo da kanpaina indarrean eta 15 euroko 6.666 Mozoilo Txartela banatuko dira horren baitan, kanpainari atxikitako establezimenduetan erabiltzeko. Egitasmoa hiru alditan banatuko da: ekaina-uztaila, abuztua-iraila eta urria-azaroa, eta bakoitzean kolore desberdineko kartillak eta txartelak erabiliko dira. Pertsona bakoitzak gehienez hiru Mozoilo Txartela eskuratu ahal izango ditu, aldi bakoitzeko bana.
Kanpaina
Dinamika berria oso erraza da. Kanpainari atxikitako establezimendu batean gutxienez 5 euroko lehen erosketa egiterakoan, bezeroak zigilu kartilla jasoko du, lehen zigiluarekin batera. Ondoren, herriko beste establezimendu parte hartzaile batzuetan erosketak egin ahala, sei saltoki edo zerbitzu desberdinetako sei zigilu bildu beharko ditu kartilla osatzeko.
Kartilla osatutakoan, herritarrek Gu Dendari elkartearen bulegoan (Muguru Plaza) trukatu ahal izango dute, 15 euroko Mozoilo Txartela baten truke. Behin eskuratuta, Mozoilo Txartelak kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira abenduaren 31ra arte; faktura bakoitzean, gehienez ere, zortzi txartel baliatu ahal izango dira.
Ekimen honen bidez, Udalak gertuko kontsumoa sustatu, herriko merkataritza eta zerbitzu eskaintza zabala ezagutzera eman eta herritarrak tokiko negozioak lehen aukera gisa kontuan hartzera bultzatzea du helburu.