Durangoko Udalak autokontsumorako eguzki-plakak instalatuko ditu Laubideta eta Plateruena udal-eraikinetan
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 133.725,44 eurokoa da, BEZik gabe
Durangoko Udalak 133.725,44 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZik gabe, Laubideta 6A eta Plateruena Musika Aterpea udal-eraikinetan autokontsumo partekaturako instalazio fotovoltaikoak instalatzeko. Horrekin, trantsizio energetikoan aurrera jarraitzen du.
Esku-hartze honek, Landako Gunearen arrastoari jarraituz, hainbat helburu nagusk ditu: udal instalazioetan energia berriztagarriaren ekoizpena handitzea, ohiko iturrietatik datorren kontsumo elektrikoa murriztea eta berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzea. Era berean, sortutako energia modu eraginkorragoan erabiliko da udal-eraikinen energia-beharren zati bat estaltzeko.
Jarduketaren arabera, Laubideta 6A eraikinean 230 eguzki-panel instalatuko dira eta Plateruena Musika Aterpean, berriz, 120. Bi instalazio horiek autokontsumo partekatuaren modalitatean funtzionatuko dute, soberakinekin, eta sortutako energia beste udal-eraikin batzuek ere erabil dezakete, indarreko araudiaren baldintzak betetzen badituzte.
Enpresa esleipenduna arduratuko da proiektua osorik garatzeaz. Bere eginkizunen artean daude instalazioak gauzatzea, konektatzeko eta martxan jartzeko beharrezko izapide guztiak egitea, sistemak legeztatzea, baimenak lortzea eta sortutako energiari buruzko informazioa udal-sisteman (E-Menhir) integratzea.
Energia eta Klima Plana
Jarduera hau Udalak 2022-2030 aldirako Energia eta Klima Planean ezarritako helburuetan aurrera egiteko bultzatutako neurrien parte da, udal energia kontsumoa murriztera, energia berriztagarrien erabilera handitzera eta eredu energetiko jasangarriago baterantz aurrera egitea helburu duena.
Kontratuaren oinarrizko aurrekontua 133.725,44 eurokoa da, BEZik gabe, bi lotetan banatuta: 92.691,07 euro Laubideta 6An instalatzeko eta 41.034,37 euro Plateruena Musika Aterperako. Instalazio bakoitza gauzatzeko aurreikusitako epea lau hilabetekoa da, eta instalatutako lan eta ekipamenduetarako eskatutako gutxieneko bermea lau urtekoa izango da.
Gainera, proiektuak Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) emandako diru-laguntza bat du, energia berriztagarrien bidez autokontsumorako sorkuntza elektrikoa sustatzeko.
Interesa duten enpresek ekainaren 17ko 15:00ak bitarte aurkeztu ditzakete eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak Durangoko Udalaren kontratatzailearen profilaren bidez.