Nazioartean eragina izango duten kultura-, kirol- eta euskarazko proiektuak finantzatzeko 300.000 euro bideratuko ditu Aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiak azken gobernu kontseiluan foru dirulaguntzen deialdia onartu zuen, hastear dagoen 2025ean Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo egindako proiektu eta jarduerak finantzatzeko, kirolaren, kulturaren edo euskararen normalizazioaren arloan, lurraldea nazioartean ikusgai jarriko baitute.
Foru Erakundeak guztira 300.000 euroko aurrekontua esleitu du ekimen horiek babes daitezen, Bizkaian kalitatezko kultura-eskaintza sustatzeko, lurraldeko kultura-eragileei lagunduko dieten estrategiak bultzatzeko eta eremu horretan Bizkaiarentzat interes berezia duten proiektuei babes ekonomikoa emateko.
Diruz lagun daitezkeen ekitaldien artean, honako hauek daude: ekitaldi edo ikuskizun artistiko edo kulturalak, jaialdiak, erakusketak eta diziplina anitzeko beste jarduera batzuk; ondare immaterialari buruzko proiektuak; bitartekaritza artistiko eta kulturaleko jarduerak, teknologia berrien erabilera barne; euskararen normalizazioa sustatu eta bultzatuko duten jarduerak; eta kirol-arloko ekitaldiak/jarduerak.
Eskaera egiteko epea eta prozesua
Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira, 2025eko martxoaren 10etik 31ra (biak barne), eBizkaiaren webgune ofizialean. Aurkeztutako proiektuak 2025eko ekitaldian garatu behar izango dira.
Onuradun izan daitezke sozietate anonimoak, kooperatiba-sozietateak, erantzukizun mugatuko sozietateak eta sozietate zibilak, bai eta enpresa- edo lanbide-jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak ere.