Asteazken honetan, ekainak 6, amaitu egingo da irailaren 8tik 17ra bitartean ospatuko diren Galdakaoko Santa Kurtzetako jaietarako pregoilaria proposatzeko epea. Hala, galdakaoztarrek ordu eskas batzuk baino ez dituzte aurretik gogokoen duten pregoilaria ezagutzera emateko. Iaz bezala, aurten ere Jai Batzordeak eta herritarrek aukeratuko dituzte jaietako bai pregoilaria, bai txupineroa.
Pregoilaria herri galdeketa bidez aukeratuko da. Horretarako, lehenik eta behin, proposamenak egin behar dira (herritar bakoitzak gehienez ere 3 proposamen) eta ostean, proposamen bideragarriak bozkatuko dira (pertsona bakoitzak boto bat edukiko du). Bozkatu ahal izateko, beharrezkoa izango da 16 urte baino gehiago izatea eta Galdakaokoa izatea.
Ekainaren 6a arte egin daitezke proposamenak, erabaki.galdakao.eus parte hartzerako plataforman edota Torrezabalen, Urreta Kiroldegian, Udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarri diren kutxetan. Ondoren, Galdakaoko Udaleko Kultura, parte harte eta berdintasun arloek eta Jai Batzordeak hautagaiak aztertu, eta iragazkia igarotzen duten proposamenak bozketara eramango dira. Herritarrek ekainaren 16etik 22ra izango dute aukera botoa emateko, eta hautagai bozkatuena izango da jaietako pregoilaria. (Berdinketa balego, Jai Batzordeak hartuko du erabakia).
Txupineroa, aldiz, aurreko urtean bezala, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadriletako batekoa izango da eta Jai Batzordea osatzen duten elkarteek proposatu eta aukeratuko dute. Horretarako Jai Batzordeko elkarte bakoitzak proposamen bana aurkeztuko du eta batzordeko bilera batean aurkeztu eta aztertuko dira hautagaitzak, eta bozkatuko da txupineroa.
Hala ere, pregoilariak baldintzatuko du txupineroaren aukeraketa generoari dagokionean: pregoilaria gizona bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak txupinera emakumea proposatuko du. Pregoilaria emakumea izatekotan, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak gizonezko txupineroa proposatuko du. Eta pregoilaria ez-bitarra bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du. Berdin gertatuko da, pregoilaria elkartea bada.