Ohikoa izan da Mundakan, uda heltzean, egitarau programa luzea antolatzea, hitzordu ezberdinez osatutakoa. Baina koronabirusaren pandemia izan den bitartean, eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioei jarraituz, azken urte bietan ez da posible izan jendez betetako ekintzarik ospatu. Garai latzak atzean utzita, mundakarrak ederki asko ari dira gozatzen abuztuko ekintza programekin. Tartean dira umeentzako ekintzak, pala edo pilota partiduak, arrantza lehiaketak edota marmita txapelketak.

Egitaraua jada hasita, hurrengo hitzordua Egunsenti dantza taldeak antolatutako folklore jaia izango da. Abuztuaren 12an ospatuko dute, arratsaldeko 18.30etik aurrera. Emanaldian Argentinako Ballet Folclórico Rumicani eta Kanaria Uharteetako Agrupación Folclórica Flor Canaria del Atlántico izango dira, mundakar elkartearekin batera. Ostegunean emanaldi berezia izango da. Orain arte tankera honetako ekimenik hartu ez duen Lamia eta Atorren parkean Musika eta Argi Gaua egingo dute. Perondo elkarteak antolatuta, Alire, Perre eta chill out musika izango da gozagai. Arratsaldeko 20.00etan emango zaio saio bereziari hasiera.

Ostean, pala eta pilota partiduak programatu dituzte –abuztuaren 13 eta 14ean, zehazki– eta itsas kutsu nabariko herria den heinean, abuztuaren 18an izango da urtero egiten duten txitxarro harrapaketaren txapelketa. Programaren hurrengo zita nagusiak abuztuaren 26, 27 eta 28an izango dira, Elkano itsas herria izenburupeko erakusketaren irekierarekin. Eta hilabeteari behar bezalako amaiera emateko, marmita txapelketa, pilota partiduak, talo tailerra eta Patxi eta konpania erromeria izango dira azken asteburuko larunbatean. Azkenik, Urremendik antolatzen duen kilometro zero produktuen azoka ere izango da, Urdaibaiko Esentziak, abuztuaren 28an. Eta herriko txistulari eta abesbatzarekin emanaldi bateratua egingo dutela iragarri dute Mundakako Udaletik. –