Zerga-iruzurraren aurkako borroka indartzeko neurri berriak hartuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Arau Aurreproiektua onetsi ostean.

Neurri hauen bitartez Aldundiak zerga-iruzurraren aurkako borroka- eta prebentzio-neurriak indartu nahi ditu, Bizkaiko zerga-araudia errealitate juridiko eta ekonomiko aldakorrei egokitu eta Araba eta Gipuzkoako lurralde historikoek dituztenekin harmonizatzeaz gain. Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Foru Arauaren Proiektua Batzar Nagusietara iritsiko da izapidetzeko.

Aldaketa eta doikuntzarik aipagarrienak honako hauek dira:

  • Sozietateen gaineko Zergaren Foru Araua

Garapen jasangarria, ingurumena kontserbatu eta hobetzea eta energia-iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa helburu duten proiektuekin lotutako inbertsioen eta gastuen gaineko kenkaria; kuota likidoaren gaineko kenkariaren muga % 35etik % 50era gehitu da.

Ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoaren gaineko kenkariak; software aurreratuaren eta berrikuntzaren zerga-kontzeptuak eguneratu dira, nazioarteko erreferentziazko definizio berrienetara eta egungo errealitate teknologikora egokitzeko.

Konpentsazio-erreserba bereziak hobetu dira enpresa-kapitalizazioak sustatzeko, irabaziak berdintzeko eta ekintzailetza bultzatu nahiz produkzio-jarduera indartzeko.

Lurralde komunean kapital aldakorreko inbertsio-sozietate (SICAV) zehatzetako Bizkaiko bazkide zergadunentzat 11/2021 Legeak xedatzen duen araubide iragankorra onetsi da, baldin eta desegitea erabakitzen badute.

  • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Araua

Gauzaz lan-etekina ez kontuan hartzeko ustezko berria sartu da; garraio publikoan egindako lekualdaketen gastuak orekatzeko langileek jasotzen dituzten zenbatekoak, urteko 1.500 eurora arte.

Zergei buruzko Foru Arau Orokorra.

Zerga-zor handiak dituzten pertsonen zerrenda; zerrendan agertzeko zenbatekoa 1.000.000 eurotik 600.000 eurora murriztea. Era berean, zordunak ez dira zerrendan agertuko alegazioen aldian zorra 600.000 eurotik behera jaisten bada.

  • Tokiko Ogasunei buruzko Foru Araua

Salbuespenezko edo presazko arrazoietan eta, bereziki, covid-19ak sortu duen osasun-krisian funtsatuta, tokiko erakundeek udal-tasen gainean ezohiko hobariak onesteko aukera dute.

  • Informazio-eskakizunak

Diru birtualen titularrek saldoen eta diru hori izateko nahiz eragiketak egiteko zerbitzuak ematen dituztenek haiekin egindako eragiketen informazioa adierazi beharko dute.

Atzerrian ondasunak eta eskubideak aitortzeko eskakizunari buruzko araubide juridikoa Europako legezkotasunari egokitzea. Berariazko zehapen-araubidea kendu da eta informazio-eredua aurkezten ez bada, justifikatu gabeko ondare-irabazia egoztean ezingo da preskripzioan babestu.