Turismoaren eraldaketa sustatu egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak 2030erako estrategia berrian. Horrela, lurraldeko sektore turistikoaren eta dokumentu horretan bertan jasotako gure destinoaren eraldaketa bultzatuko duen tresna izan daitezen.

Horrela jada ezarrita zeuden dirulaguntzen dekretuek (destinoko garapen turistikoari eta seinaleztapen turistikoari buruzkoak) forma berria hartu dute, eta hirugarren dekretu bat egin da gure lurraldean turismoa erakartzeko ekitaldiak finantzatzeko. Laguntza-programen berritasun nagusietako bat da onuradun gisa agertzen direla lehen ez ziren eragile batzuk -udal turistikoak, sektoreko enpresa- eta lanbide-elkarteak eta turismo-enpresak-, ekosistema turistikoa indartzeko helburu estrategikoarekin bat etorriz; lan hori erakundeen eta arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidez garatuko da sektorea suspertzea eta eraldatzea bultzatzeko.

"Dekretu hauek 2.250.000 euroko zuzkidura dute eta susperraldiari ekiteko behar diren esparru guztietan sektoreak aurrera egin dezan sustatzen dute, bai eta Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiak planteatzen duen eraldaketa-egoeran jasotako funtsezko gaien inguruan urratsak ematen joateko ere. Horien artean daude, besteak beste, helmuga bisitariaren beharretara egokitzea; lurraldean garapen jasangarriagoa eta orekatuagoa sustatzea; turismo-arloko enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzea; enpresa horien eskaintzari balioa ematea; edo sektorea eta destinoa digitalizatzea", adierazi du Ainara Basurkok, Ekonomia Sustapeneko diputatuak, laguntza-programa hauen aurkezpenean. Ekitaldian berarekin egon da Cristina Múgica, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultatzeko zuzendaria.

TURISMO-GARAPEN JASANGARRIRAKO LAGUNTZAK

Hiru dekretu horietako lehena, Bilbao Bizkaia destinoaren turismo-garapena diruz laguntzera bideratutakoa, zenbateko handiena duena da: 1.450.000 euro. Zenbateko orokor hori 8 arlotan antolatzen da, eta arlo horietako bakoitzak helburuei eta destinoaren garapenari dagokionez estrategiaren oinarri diren zutabeei erantzuten die:

Turismoa kudeatzeko ekosistema indartzea; eremu honetan laguntzak turismo-kudeaketako erakundeentzat izango dira, langile espezializatuak kontratatzeko. Arlo horretako laguntzak jaso ahal izateko erakunde horiek turismo-ekosistema iraunkor baterako proiektuak bultzatzeko ekimen bat aurkeztu beharko dute eta onuradun izan beharko dute gainerako arloetako batean arlo honetan emandako laguntza osoaren zenbateko berean edo handiagoan.

Bilbao Bizkaiaren baliabide turistikoak indartzea. Arlo horretan diruz lagunduko dira honako hauek: baliabidea indartzeari lotutako azterlanak eta proiektuak; irisgarritasuna eskuratzeari eta hobetzeari, harrera-zerbitzuari, informazioari eta baliabidearen interpretazioari balioa ematea; baliabidearen bisitaldiari eragiten dioten azpiegituretan hobekuntzak egitea; baliabidearen edukiei eta ikus daitekeen eskaintzari balioa ematea; baliabide horiek bisitatzen duten pertsonen esperientzia hobetuko duten oinarrizko zerbitzuak; baliabidearen inguruko dinamizazioa eta zerbitzu turistikoak; eta turismo-fluxuen etorrera eta kontrola neurtzea.

Bilbao Bizkaiaren turismo-produktuak sendotzea; arlo honek estrategikotzat jotzen diren turismo-baliabideak Lurraldeko turismo-produktuetan oinarrituta bisita daitezkeen atrakzio bihurtzea ahalbidetuko duten jarduketetarako laguntzak jasotzen ditu. Estrategikotzat a jotzen diren produktu horiek hauek dira: Guggenheim Museoa, Gaztelugatxeko Doniene, Bizkaia Zubia, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba, Santa Katalinako Itsasargia, Pozalaguako Koba, Flyscharen Ibilbidea, Gorbeiako eta Urkiolako Parke Naturalak, eta Gorobel Mendilerroa/Nerbioi Ur-Jauzia. Laguntza horiek, halaber, esperientzia turistikoak sortzeko, berariazko sustapen-ekintzak egiteko edo bost produktu turistikori lotutako merkaturatze-ekintzak egiteko banatuko dira: txakolinaren mundua, kostalde ezezaguna, arrantza-kostaldea, landa-turismoa eta erosketa sortzaileak.

Ekosistema turistiko iraunkor baterako proiektuak bultzatzea. Arlo horretan, besteak beste, bisitariek sortzen dituzten hondakinak minimizatzera bideratutako ekimenak finantzatuko dira; baliabide turistikoen eraginkortasun energetikoa optimizatzera; turismo-destino gisa Bilbao Bizkaiaren ingurumen-inpaktua murrizteko gai diren ekimenetara; edo sektore turistikoari lotutako ekonomia zirkularreko proiektuak garatzera. Laguntza hauek jasotzeko beharrezkoa izango da proiektuek gutxienez jasangarritasun turistikoko hiru arloetatik bitan eragitea: ingurumenean, gizartean eta ekonomian.

Sektoreko lehiakortasuna hobetzea. Laguntza hauek enpresa-sektorerako prestakuntza espezializatuko programak eta turismo-enpresen taldeentzako mentoring edo coaching prozesuak egiteko erabiliko dira.

Destinoaren eta turismo-enpresen digitalizazioa. Arlo honetan hainbat gai finantzatuko dira, hala nola teknologia sentsorikoa txertatzea eta esperientzia eta espazio turistikoetan monitorizazioa egitea; sektoreko prozesuen automatizazioa; digitalizazio aurreratua (errealitate areagotua, adimen artifiziala...) edo Internet Of Things-en (IOT) oinarritutako proiektuak barne hartzen dituzten esperientzia turistikoak jarduera turistikoaren esparruan, besteak beste.

Bisitariarentzako arreta hobetzea. Informazio mugikorreko gune berriak instalatzea; ingurunea egokitzea; Turismo-Informazioko Bulegoen sarbidea eta irisgarritasuna hobetzea; turismo-informazioko euskarri digitalak ezartzea; edo Turismo-Informazioko Bulegoen garapen teknologikoa dira, besteak beste, arlo honetako laguntzak estaltzen dituzten gaietako batzuk.

Merkatuetan turismoa sustatzea. Orain arte sustapen-lanak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak egiten zituzten soilik, eta horiek, koordinatuta, alor horretako ekimenak garatzen zituzten. Egungo dekretuarekin, turismo-kudeaketako erakundeek, enpresa-elkarte sektorialek, turismo-arloko beste elkarte batzuek eta sektore horri lotutako nortasun juridiko propiorik gabeko enpresa eta erakundeek ere sustapen- eta merkaturatze-ekintzak garatu ahal izango dituzte, hala beste toki batzuetako operadore eta enpresekin nola azken publikoarekin edo komunikabideekin eta preskriptoreekin edo influencerrekin. Nolanahi ere, ekintza horiek bat etorri beharko dute turismo-estrategia berriaren Marketin-Ardatzean eta Bilboko Udalak eta foru-erakundeak urte honen hasieran aurkeztu zuten merkatuak suspertzeko planean jasotakoarekin.

Mugikortasun iraunkorrerako laguntzak

Bizkaiko Foru Aldundiak beste laguntza-dekretu bat ere aldatu du, baliabide turistikoen seinaleei buruzkoa, Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiarekin lerrokatzeko lurralde-oreka sustatzeari dagokionez; hori turismo-fluxuak lurraldean zehar banatuz burutuko da. Guztira 400.000 eurokoak diren dirulaguntza hauen helburua da baliabide turistikoen seinaletika ezarri edo hobetzeko proiektuei laguntzea, Bizkaiak lurraldeko bideetan -errepideak, oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak...- dituen erakargarritasun nagusiei balioa emateko, sarbide iraunkorragoak, intuitiboagoak eta errazagoak erabiliz, lurralde osoan zehar turismo-fluxuak orekatzea lortzen dutenak eta, ondorioz turismo-jardueraren onura sozial eta ekonomikoak eskualde eta udalerri guztietara iritsiz; eta kultura-, natura- eta aisialdi-baliabideak eskuratzeko modu berri jasangarriagoetan eragina izango dutenak, oinez eta bizikletaz egindako mugikortasuna garraio publikoarekin konbinatuta, errepideko joan-etorrien eta kutsagarriagoak diren beste garraiobide batzuen alternatiba gisa.

Proiektu hauek Foru Erakundeak lurralde osoan identifikatutako 85 baliabide turistikoei buruzkoak izango dira, eta horien artean 10 lehentasunezkotzat jotzen dira -Guggenheim Museoa, Gaztelugatxeko Doniene, Bizkaia Zubia, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba, Santa Katalinako Itsasargia, Pozalaguako Koba, Flyscharen Ibilbidea, Gorbeiako eta Urkiolako Parke Naturalak, eta Gorobel Mendilerroa/Nerbioi Ur-Jauzia-. Proiektu bakoitzeko gehienez 25.000 euroko dirulaguntza emango da, eta lehentasunezko 10 baliabide horien kasuan, berriz, 80.000 eurokoa izango da.

Seinaleztatu nahi den baliabidearen titularrak edo erakunde kudeatzaileak diren turismo-kudeaketako erakundeei, udalei edo turismo-enpresei zuzenduta daude laguntza hauek, eta uztailaren 28ra arte eska daitezke.

TURISMOA ERAKARTZEKO EKITALDIAK EGITEKO LAGUNTZAK

Aurten, gainera, Bizkaiko eskualdeetan eragin sozial eta ekonomiko positiboa duten turismoa erakartzeko ekitaldiak finantzatzeko laguntza-lerro berria jarri da abian; laguntza hauek lurraldearen kokapen turistikoa sendotzen eta bertan bisita- eta ostatu-gauen kopurua handitzen lagunduko dute. Dirulaguntza hauen azken helburua turismoa eta ekitaldien tokiko industria bultzatzea da, Bilbao Bizkaiaren irudia sustatzea kanpoan, eta horietan parte hartzen duten pertsonak destinoa esperimentatzen eta gomendatzen duten bisitari bihurtzea.

Laguntza-lerro berriak 400.000 euroko zenbateko globala du, eta honako hauei zuzenduta dago: udalei eta mankomunitateei; turismo-garapenaren esparruan lan egiten duten erakunde eta sozietate publikoei; elkarteei, fundazioei eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuei, baldin eta helburu soziala turismoa sustatzea bada; eta turismo-ekitaldi bat sustatzen duten nortasun juridikorik gabeko enpresa eta erakundeei. Erakunde eta instituzio horiek gehienez bi proiektu aurkeztu ahal izango dituzte laguntza horietarako, eta 30.000 euro jasoko dituzte gehienez, besteak beste ekitaldiak egiten diren lokalak alokatzearen ondoriozko gastuak, instalazioak muntatzearen ondoriozko gastuak edo publizitate- eta zabalkunde-gastuak finantzatzeko.

Laguntza horiek eskatzeko epea uztailaren 5era arte egongo da zabalik.