Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, birziklatzeko gaikako bilketaren tasa % 50etik gora igo da berriro, % 51,2ra arte, hau da, iaz baino 1,72 puntu gehiago. Tasa horren ondorioz, bete egin behar dira bigarren HBBHPko helburuak (2020rako ezarritako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala).

Gorakada honen eragileetako bat hondakin organikoen bilketan gertatu den igoera izan da. Izan ere, azken urteetan bezala, 2021ean aurreko urtean baino hondakin organiko gehiago bildu da: 2020an % 2,37 (13.737 tona) eta 2021ean % 2,8 (16.603 tona). Termino absolutuetan, beraz, hazkunde hori % 21ekoa da 2020koarekin alderatuta, eta hori arrazoi honegatik izango da, seguruenik: iazko apiriletik aurrera, landare-jatorriko hondakinez gainera, edukiontzi marroian haragi eta arrain hondakinak, gordinak edo kozinatuak, itsaskiak, arrautzak eta horien oskolak, hezurrak eta gazta bota daitezkeelako.

Ontzi arinen bilketaren kopurua 2020. urtekoaren oso antzekoa izan da: iaz 21.532 tona bildu ziren eta 2020an 21.443 tona. Ohi bezala, gehien bildu diren hondakinak paper-kartoizkoak eta beirazkoak izan dira. 2020an aurreko urtean baino 578 tona paper-kartoi gehiago bildu dira, guztira 84.632 tona. Beirazko hondakinen bilketan gehikuntza askoz handiagoa izan da: 2019an baino 2.066 tona gehiago, guztira 27.782 tona.

Iaz 2020an baino % 3 hondakin gehiago sortu dira. Nolanahi ere, kontuan eduki behar da 2020an egoera ezohikoa izan zela, pandemiak izugarrizko eragina izan baitzuen hondakinak sortzen dituzten azturetan eta jardueretan. Dena den, 2021ean 638.441 tona hondakin sortu ziren, 2019. urtean (648.164 tona) eta 2018an (646.725 tona ) baino gutxiago. Beraz, adierazle honek ere joera positiboa islatzen du, baldin eta kontuan hartzen baditugu konfinamenduak eta pandemiaren ondorioek ekarri zituzten aparteko inguruabarrak izan ez ziren urteak.