Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiak bat egin du Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunarekin

29.09.2021 | 04:00

Urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin du aurten ere bai atzo, irailak 28, asteartea, ospatu egin zen Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunarekin. Egun berezi hori ospatzeko, Aldundiak «Gardentasunaren Ataria eta Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskabidea» eta «Herritarrentzako arreta presentzial ez-espezializatua» izeneko gutunak argitaratu zituen.

Atzo, egun berezi honetan, administrazio publikoen informazioaren berri jakiteko eta hura eskuratzeko eskubidearen garrantzia nabarmentzen da, bai eta horren kudeaketari buruzko informazioa argitaratzeko eskubidea ere. Eskubide hori funtsezkoa da herritarrek errazago jakin dezaten zertan diren emandako zerbitzuak eta administrazioen kudeaketa-eredua, bai eta herritarren parte hartzea bideratzeko. Herritarrak gero eta zorrotzagoak izanik halako gaietan, Bizkaiko Foru Aldundiak aspalditik dihardu kudeaketa aurreratuko eredu bat eraikitzen, oinarritzat harturik gardentasuna, parte-hartzea eta herritarrei eskaintzen zaizkien foru-zerbitzuen kalitatea.

Gainera, foru-administrazioa, kontuan hartuta jakiteko eskubideak berekin behar duela ulertzeko eskubidea ere, bi ildotan ari da lanean: alde batetik, herritarrekin komunikatzeko modua errazagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Horretarako, irakurketa errazari eta hizkera argiari buruzko prestakuntza ematen ari zaie langileei (batez ere, laguntza eskaintzeko postuetan dauden pertsonei), eta egokitzen ari da Aldundiak publikatzen dituen edukiak. Beste alde batetik, hobetzen ari da herritarrei eskaintzen dien arreta, horrela administrazio inklusiboagoa lortzeko, zerbitzuak pertsonalizatzera bideratua.

Helburu horiek lortzeko urrats gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak bi zerbitzu-karta berri argitaratu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak arlo horretan hartutako konpromisoen berri emateko. Lehenik eta behin, «Herritarrentzako arreta presentzial ez-espezializatua» zerbitzu-karta, non argitaratzen eta ebaluatzen baitira herritarrei laguntzeko bulegoen sareak ematen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzeko konpromisoak. Zerbitzu honen xedea da herritarren informazio- eta tramitazio-eskaerei erantzutea, eraginkortasun- eta kalitate-irizpideekin.

Era berean, «Gardentasunaren Ataria eta Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskabidea» zerbitzu-karta argitaratu da, zeina, gainera, gardentasunaren, gobernu onaren, erantzukizunaren eta kontu-ematearen eredua garatzeko tresna baita. Bizkaiko Foru Aldundia 2016az geroztik ari da arlo horretan lanean; hasiera batean, Hiru Urteko Gardentasun Plana 2017-2019 delakoarekin, eta, gaur egun,Gardentasunari eta Datu Irekiei buruzko 2020-2022 Hiru Urteko Planarekin, Aldundiaren kudeaketa-prozesu giltzarrietako bat.

Azkenik, ulertzeko eskubidea bermatzeko konpromisoari eutsiz, gutun horiek eta haien aurrekoak irakurketa errazera egokitu dira, horrela informazioa hobeto ulertu dadin eta herritar guztiei emateko aukera jakin dezaten zein diren zerbitzu horiei dagokienez Aldundiak bere gain hartzen dituen kalitate-konpromisoak.

noticias de deia