Lurraldeko enpresak eta profesionalak Batuz sistema borondatez ezartzeko helburuarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak konpentsazio bat eskainiko die 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ezartzen duten enpresei zein profesionalei. Hala erabaki egin du 'Batuz sistema borondatez aplikatzea sustatzeko neurriak onartzen dituen Foru Arauaren Aurreproiektua onartzerakoan.

Arauaren xedea da enpresak eta profesionalak Batuz borondatez ezartzera bultzatzea, baina inolako betebeharrik ezarri gabe covid-19ak eragin duen pandemiak ekarritako krisi ekonomikoaren ondorio txarrenak bizi dituzten zergadunei. Izan ere, zergadunek eskatuta, Batuz-en ezarpena ez da nahitaezkoa izango 2024ra arte jarduera ekonomikoak dituzten Bizkaiko pertsona guztientzat (fisikoak edo juridikoak).

Batuz sistema Foru Ogasunak proposatutako metodologia erabiliz borondatez ezar dadin bultzatzeko, zergadunek PFEZren edo sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria murriztu ahal izango dute. Zenbat eta arinago ezarri Batuz harik eta handiagoa izango da konpentsazioa; urtarrilaren 1etik aurrera ezartzen dutenek % 15 murriztuko dute 2022 eta 2023 ekitaldietako zerga-oinarria. Apirilean ezartzen badute, konpentsazioa % 13koa izango da, eta urrian ezartzen badute % 9koa. Konpentsazioen taula bat eta aplikatzeko simulazio bat erantsi dira.

Baina konpentsazioez gainera, 2022 eta 2023ra luzatzen da sistema informatikoak egokitzeko edo ekipamendu berriak erosteko asmoz profesionalek edo enpresek egin dituzten gastuetan kenkaria aplikatzeko indarraldia. Kenkaria bateragarria izango da aurreko konpentsazioarekin; egindako gastuaren % 30ekoa izango da eta PFEZren edo sozietateen gaineko zergaren kuotatik kenduko da.

Foru Arauaren Aurreproiektua Batzar Nagusietan aurkeztuko da, Legebiltzarrean izapidetu dadin. Aurreproiektuak Batuz borondatez ezartzeko zortzi data ematen ditu, hiruhileko bakoitzaren hasierakoak guztiak. Halaber, bertan ezartzen da zergadun bakoitzak aldez aurretik jakinarazi beharko diola Foru Ogasunari Batuz sistema ezarri nahi duela.

EEEL-REKIN TREBATZEKO PROBAK

Batuz ezartzen bada, fakturak nahitaez egin beharko dira fakturazioa kontrolatzeko den TicketBai sistema erabiliz, eta Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da; enpresak edo profesionalak diru-sarrerak, gastuak eta fakturak jasota utzi behar ditu bertan.

Eragiketak egoitza elektronikoan jasotzeko, erabat aldatu behar da negozioen eguneroko kudeaketa. Horregatik, urriaren erdian probaldi bat hasiko da, edozeinek ikas dezan Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua erabiltzen. Proba horiek ez dute eraginik izango zergetan, soilik izango dira zergadunak egiaztatzeko bere Ticketbai softwareak ondo bidaltzen dituela Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburura fakturazioaren datuak.