Koronabirusaren pandemiak eragindako mugikortasun-murrizketak eragin zuzena izan du turismoaren sektorean, kalte ekonomiko handiak sortuz. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak sektorea suspertzeko inbertsio handia egingo du oraingo honetan. Guztira, 861.557 euroko aurrekontua bideratuko du lurraldeko toki- eta eskualde-erakundeek sustatutako helmugako 86 turismo-garapeneko proiektu abiarazteko.

Ekimen hori destinoa garatzeko laguntzen programaren bidez gauzatzen du eta, horrela, besteak beste, diruz lagunduko dira honako gai hauekin lotutako ekimenak: lurraldeko baliabide turistikoen balioa nabarmentzea; bisitarientzako arreta hobetzea; sektorea profesionalizatzea prestakuntza praktikoaren eta topaketa profesionalen bidez; edo proiektu berritzaileak garatzea eta destinoa digitalizatzea ekarriko duten proiektuak bultzatzea. Laguntza hauen helburua destinoko turismo-garapena sustatzea eta Bizkaia osoan turismo-esperientziaren bikaintasunari eustea da, eta proiektuen guztizko zenbatekoaren % 64 ordainduko dute 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin.

Laguntza hauen funts gehienak (258.140 euro) profesionalak zuzenean kontratatuz edo laguntza teknikoaren bidez eskualdeko eta tokiko erakundeen egitura indartzearekin lotutako ekimenetara bideratuko dira. Azpimarratzekoa da, halaber, proiektu berritzaileetara eta/edo Bizkaiko destinoaren eta sektore turistikoaren digitalizazioa sustatzen duten proiektuetara bideratutako aurrekontu-gehikuntza, arlo horretarako 153.100 euroko munta dagoelako (2020an baino 41.417 euro gehiago); horren barruan sartzen diren ekimenen artean daude, adibidez, web orrien bidezko sustapena eta merkaturatzea, sare sozialak eta turismoa sustatzeko kanpainak garatzea gure lurraldeko eskualdeetan, bai eta turismo jasangarriarekin lotutako proiektuak ere.

Diruz lagundutako ekimenen artean ugarienak (30) txangozaleei zuzendutako bisitak egiteko eskaintza sustatzera bideratzen direnak dira, gure lurraldearen kostaldean eta barnealdean publiko guztiarentzat egiteko moduko hainbat esperientzia eta jarduerarekin: oinez egiteko ibilbide autogidatuak, zaldi gainean egin daitezkeen ibilbideak, mugikorrean, erlojuan edo GPSan deskarga daitezkeen ibilbideak bizikletaz; edo enoturismoaren eta gastronomiaren arloko jarduerak, era horien guztien bidez, turistek tokiko produktuen elaborazio-prozesuak ezagutu ditzakete, besteak beste.