Gaur goizean, abuztuak 19, lizitatu egin da Lezamako Trenbide Zaharreko bide berde berria eraikitzeko proiektua. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak 217.800 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne.

Aldundiak 2012an Lezamako Trenbide Zaharrerako egindako plangintza-dokumentuak proposatzen duen trazadura Montañon (Bilbo) hasi eta Bizkaiko hiriburua eta Lezama lotzen zituen trenbidearen plataformatik igarotzen da ia osorik. Trenbidearen plataforma hori ez da 1908tik erabiltzen, eta 500 metroko luzera duen tunel bat ere badu, harik eta Txorierriko korridorera iritsi arte. Gune horretatik aurrera, ibilbidea Sondikako Bidekurtze auzora sartzeko egungo bidean zehar doa; handik, Santimami ingurutik jarraitzen du, Loiu eta Zamudio udalerrietan zehar (Asua ibaiaren eskuinaldean), eta eskualde horretako mankomunitateak proiektatu duen Txorierriko bizikleta-bideen ardatzarekin lotzen da.

Trazadura horren bidez, Bilboko bizikleta-bideen sarea Txorierri-Mungialdea eskualdearekin lotu nahi da, turismoaren eta naturaren arloetan erakargarritasun handia izango duen ibilbide baten bidez, eta, era berean, ondarearen eta memoria historikoaren zati nabarmen bat berreskuratzeko aukera ematen du. Horrezaz gainera, aisialdiko eta turismoko jarduerak erakartzeko ibilbidea izango da, Donejakue bidearen eragin-eremuaren barruan. Era berean, Derioko udal sarearen bidez, bide-tarteak beste ibilbide planifikatu batekin bat egingo du, Artebakarretik barrena, harik eta Mungiaraino iristen zen eta gaur egun bizikletaz ibiltzeko bidea den tren zaharraren trazadurarekin bat egin arte.

Eraikuntza-proiektuak Bizkaiko bizikleta-bideen sarean integratutako azpiegitura bat zehaztu beharko du, eta azkenean esleitzen zaion enpresak gehienez ere sei hilabeteko epea izango du proiektua egiteko.

Oinezkoentzako eta txirrindularientzako bide horren proiektua da Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko natura-guneez gozatzeko aukerak handitzeko markatu duen bide berde berriak sustatzeko estrategiaren barruan abian jarri den lehena, aldi berean mugikortasun iraunkorragoa bultzatuz.