Aurreko edizioen arrakasta kontuan izanda, 'Ibilbide historikoak' programa ez da geldituko abuztuan. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako ekimen hau hilabete osoan jarraituko du zerbitzua ematen. Horrez gain, irailean zehar Bizkaiko zin-bidea ezagutzeko bisitaldiak eskainiko ditu baita ere.

Abuztuan zehar bisitariek bost ibilbide gidatuz osatutako programa bat izango dute, Arrarrolako (Arratzu) oppidumeko aztarnategi arkeologikoetara, Foruko Herri erromatarrera, Tribisburuko nekropoli erromatarrera (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko Erdi Aroko gaztelura (Ereño) eta Sukillotxuko (Mundaka) estazio megalitikora egingo dena. Era berean, gune arkeologikoetako ikerketa-zuzendariak ere izango dira bisitan.

Foru Aldundiak irailean jarriko du martxan Bizkaiko Zin-bidea, bisita gidatuaren formatuarekin. Bertan, Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea ibiliko da; izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Ekimen honen bidez, Bizkaiko paisaia eta natura inguruneko aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutarazi nahi dira.

Bisiten egutegia kontsultatzeko era: webgunea, 688.856.689 telefono zenbakia edo ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikoa.

IBILBIDE HISTORIKOAK BUSTURIALDEA-URDAIBAIN

Foruko herrixkarako bisita gidatuek bisitaria oso modu errealean iraganera eramango dute eta I. mendeko erromatar herrixkaren birsorkuntza ikusi ahal izango du. Tableta baten bidez, bisitan zehar ikusiko dituen hondakinek are zentzu handiagoa hartuko dute, duela ia 2000 urte tokia nolakoa zen ikusteko aukera izango baitu. Esperientzia hori Foruan bizi ahal izango da abuztuaren 4, 8, 11, 15, 18, 25 eta 28an.

Arratzuko Arrrola oppidumak ere iraganera eramaten du bisitaria, Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia birsortura, alegia. Kasu honetan ere, tableta motako gailu mugikorren bidez, kastroa jatorrian nolakoa zen ikus daiteke, errealitatea berreraikitze birtualarekin bat egiteko tekniken bidez; egungo kastroko aireko bideoekin gozatu ahalko da ere, eta orduko herritarren etxebizitzetako baten benetako berreraikuntzaren 360 argazkiarekin birsortu ahal izango da. Arrola ikusteko bisitaldi hauek hurrengo egunetarako programatuta daude: abuztuaren 9, 14, 16, 22, 23 eta 29rako.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo eta Busturia) Lurraldeko beste harribitxietako bat da, non hamar hil egitura aurkitu diren, hildakoaren errautsak eta erraustutako gauza pertsonalak uzten ziren esparruak. Aztarnategi arkeologiko hau abuztuaren 6,13, 20, 22 eta 27an bisita daiteke.

Ereñozar gaztelua ibilbide historiko honen beste enklabeetako bat da. Ereñozarko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Aztarnategi horretako ikerketa arkeologikoak Erdi Arotik gaur egunera arte doan sekuentzia historikoa egiaztatzen du. Hainbat aldi agertzen dituen nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek osatzen dute aztarnategia. Gaur ermita txiki batek koroatutako gailurrean, bisitariek Bizkaiko historiako etaparik ezezagunenetako bat berpiztu ahal izango dute abuztuaren 5, 7, 12, 19, 21, 26 eta 30ean.

Amaitzeko, Katilotxuko estazio megalitikoa dago; hain zuzen ere, modu kolektiboan erabiltzeko hilobi-eraikin batzuek osatzen dute, eta bi dolmen dituzte, 2004. urtetik 2008. urtera induskatu eta zaharberritu zirenak. Gainera, hiru egitura tumular dituzte, baina oraindik ez da lanik egin horietan. Katillotxuko ibilbide megalitikoa abuztuaren 5ean eta 19an egin ahal izango da.

BIZKAIKO ZIN-BIDEA

Bizkaiko 'Gernikako Arbolatik harago' zin-bidearen ibilbide historikoa Bizkaiko Jaunak Foruen zina egiten zuen lekuetatik egindako ibilbidea da. Bizkaiko Foru Aldundiak 2018an abian jarri zuen bisita gidatua, Kultura Ondarearen Europako urterako programatutako jardueren barruan, eta irailaren 17, 18, 19, 25 eta 26an bisitatu ahal izango da.

Behar bezala diseinatutako egitura instituzional eta sozial baten emaitza da zin-bidea, eta Bizkaiko historiaren zati garrantzitsua da. Horrela, zin-bidea Uriberen merindadetik Busturiarainokoa zen. Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigunea eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko Foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira.

Bi helburu nagusi dauzka bisitak: bata da gure historia ezagutaraztea; bestea, zehatzagoa, Bizkaiko Foruen funtsean murgiltzea, Euskal Herriko kudeaketa politikoaren aplikazioan izandako ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertzeko.