BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 423.000 aleko funts bibliografikoa jaso egin du BBVAren partetik. Ekitaldia gaur goizean egin da Aldundiaren Jauregian, eta bertan Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak eta BBVAko lehendakari Carlos Torres Vilak hartu dute parte.

Ekitaldian BBVAko lehendakariak esan du dohaintzak berriz ere erakusten duela "nolako konpromisoa daukan BBVAk Bizkaiarekin. Aspaldiko konpromisoa, izan ere, 1857. urtean Banco de Bilbao eratu zenean hasi zena".

Gero Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu du Foru Agiritegian gordeko direla BBVAk emandako funts horietako batzuk. "Kutxa horietan gure izatearen zati bat dago; kutxa horietan bildutakoa banku baten historia baino gehiago da, Bizkaiaren historia ere bada: nolakoak garen eta nola heldu garen hona. Agiri hauetan jende lanzale, industrial, ekintzaile, ireki eta ausartaren historia agertzen da. Eta jende hark bankua eratu zuen industrialagoa, ekintzaileagoa eta lanzaleagoa izateko", esan du.

Dohaintzan emandako bilduma bibliografikoa BBVAren Agiritegi Historikoan egon da orain arte. Funts gehienak XIX. mendekoak eta XX. mendeko lehen erdikoak dira.

BBVAk bere Agiritegi Historikoan (egoitza Bilbon dago) bilduta eduki dituen Bizkaiko historia sozioekonomikoaren inguruko funtsak eman dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari. Horrela, oraindik aurrera BBVAren Agiritegi Historikoan banku-taldearen historiari buruzko dokumentuak gordeko dira batik bat: agiriak, liburuak, argazkiak, zigiluak eta museoetan gorde ohi diren gauzak, denak ere bankuen arlokoak.

Dohaintza honi esker hemendik aurrera herritarrek eskura izango dituzte azken bi mendeetan Bizkaiaren historian garrantzi handia izan duten testuak eta materialak. Funtsen artean balio handiko lanak daude. Aipamen berezia merezi du egunkarien bildumak, Foru Agiritegiaren ondarea izugarri aberastuko du eta.

ESTATUKO AGIRITEGI HISTORIKO HANDIENETAKOA

BBVAren Agiritegi Historikoaren dokumentu-bilduman beti egon dira funts bibliografiko eta hemerografiko asko. Agiritegi hau joan den mendeko 70ko hamarkadaren amaieran sortu zen Funtsen bolumena eta dibertsitatea kontuan edukita, bankaren arloko Espainiako bilduma garrantzitsuena da (bederatzi kilometro dokumentu, bata bestearen atzean ipinita).

BBVAren Agiritegi Historikoa Espainiako bankaren arloko lehen agiritegi pribatua da; 1978an sortu zen Banco de Bilbao bankuan. Gaur egun Bizkaian dago, instalazio bateko zenbait gordailutan. Dokumentuak ezin hobeto babestuta daude, agiritegiak segurtasun-sistema eta artapen-sistema modernoenak dauzka eta.

Agiritegiak bertan bildutako funtsak zaintzen, antolatzen, deskribatzen, artatzen eta ezagutarazten ditu. Sortu zenetik hainbat ekarpenez hornitu da. Hain zuzen ere, azkenak aipatzearen, XXI. mendean BBVAren barruan sartu ziren Kataluniako Caixa Catalunya eta Unnim kutxen funtsak jaso ditu.

BALIO HISTORIKO HANDIA

Dohaintzan honako funts hauek jaso ditu Aldundiak: 1.798 aldizkari espezializatu; informazio orokorreko, lokaleko, politikoko, erlijiosoko, kirol informazioko eta ekonomia eta finantzetako informazioko 71 aldizkari; zuzenbidean, legerian eta jurisprudentzian espezializatutako 400 agerkari (monografiak, aldizkariak eta erreferentzia-lanak); Espainiako eta Euskal Herriko historiari buruzko 6.600 monografia; Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko eta Valentziako burtsetako kotizazioen buletinak (besteak beste, Bilboko Burtsaren 1891-1998 aldiko buletinen serie oso bakarra); hiztegiak, entziklopediak, urtekariak, direktorioak, gidak, atlasak, iturri biografikoak, katalogoak eta bibliografiak.

Agerkari aipagarrienetako bat 'La Lucha de Clases' da, XIX. mendeko astekari sozialista; Miguel de Unamunoren testuak argitaratzen zituen. Astekari horren lehen zenbakia dago, orain arte Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegian ez zegoena.

Horrez gainera, 'Gaceta del Norte', 'El Liberal', 'El Debate', 'Euzkadi' eta 'Excelsior' aldizkarien aleak ere badaude, besteak beste. Estatuko egunkariak ere badaude ('El Heraldo' eta 'El Faro'), bai eta Londresen 1834-1841 aldian gaztelania hutsez argitaratzen zen 'El Instructor' aldizkariaren aleak eta 'La Ilustración Española y Americana' aldizkariarenak ere bai (honen grabatuak oso ospetsuak dira).

Halaber, elkarte feminista gogotsuenen berri ematen zuen 'Cultura integral y femenina' aldizkariaren 44 zenbakiak ere badaude (1933-1936), eta artea, literatura, kritika eta puri-puriko gertaerak lantzen zituen 'Tierra Vasca' agerkariaren zenbaki bakarra ere bai (1. zk., Baiona, 1927ko azaroaren 25a).

Dohaintza honi esker Bizkaiko Foru Agiritegiak aurrerapauso handia egingo du Euskal Herriko historia ekonomikoaren ikerketaren eta azterketaren arloan daukan buruzagitzan. Foru Aldundiak ondare historiko hau artatu eta zabalduko du. Funts berriak Bizkaiko Foru Agiritegian gordeko dira, eta ikerlariek zein herritar guztiek eskura edukiko dituzte bertan.