BILBO. Denbora gutxi falta da Zallako Suhiltzaileen Parke berria martxan jarri ahal izateko. Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten du 2021eko udan parkea bete-betean egotea. Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak lanak bisitatu egin ditu ostiral honetan.

Unai Rementeriak azpimarratu duenez, bizi dugun testuinguruan, eraikuntza lanen aurrerapena albiste ona da: "Zallako suhiltzaileen parke hau Aldundi honek borrokan jarraitzeko duen gogoaren erakusgarria da; Bizkaia hobetzeko eta aukera-berdintasuna lortzeko gogoa dugu". Covid-19ak egindako kaltea aitortu arren, "ez gaitu garaituko, ez gaitu geldituko. Parke hau, birusaren aurkako garaipen bat ere bada. Bizkaiak martxan jarraitzen du", azpimarratu du.

Parke berria Gallardi auzoan dagoen 4.800 metro karratuko lursail batean dago, Kadaguako korridorerako sarbidearen ondoan. Orain dagoena ordeztuko du; azken hori 1974koa zen eta mendebalderago dago, Zalla eta Balmaseda arteko mugan. Instalazio berriek haren tamaina laukoiztuko dute.

Kokapen berriari esker, egungo eskualdeko suhiltzaile-parkeak dituen bitartekoak eroso kokatzeko gai diren instalazio modernoak emateaz gain, istripu batera joateko erantzun-denbora murrizten da. Alde batetik, korridorearen ondoan lehen mailako bide azkar eta arina dago, eta, bestetik, populazio-arriskuko gunea deritzona azken urteotan populazio-gune nagusiak desplazatu diren lekutik hurbilago dago. Kadaguako korridorearen inguruan dagoenez, sarbide onak ditu inguruko udalerri guztietara, bi noranzkoetan.

Larrialdi-abisuetan suhiltzaile-taldea azkar mobilizatzea errazteaz gain, haren kokapenak seguruagoa egingo du ibilgailuetara sartzea eta ezbeharretan esku hartzeko irteerak martxan jartzea. Era berean, larrialdietarako ibilgailu astunak aparkatzea eta mugitzea erraztuko du, bai eta komunikazio-bide azkarretan sartzea ere. Orobat, pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna hobetuko du babes zibileko ezbeharretan, baldin eta babes zibila horietan inplikaturik badago eta Foru-erakundearen Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak esku hartu behar badu.

LAU BIDER HANDIAGOA

Zallako parke berriak 815 metro karratu erabilgarriko eraikin nagusi bat izango du (Balmasedako gaur egungo parkeak dituen 200 metro karratuen aldean). Bi solairutan banatuta, behealdean guardia-postua, bulegoak, aldagelak eta ikasgela jarriko dira; lehenengoan, berriz, gelak, egonlekuak eta gimnasioa. Eraikin osoa funtzionaltasunari arreta berezia jarriz diseinatu da, gertakari edo ezbehar baten aurrean erantzuteko denborak minimizatzeko.

Eraikinak kalifikazio energetiko gorena (A), energia geotermikoa erabiliko duen berokuntza- eta hozte-zerbitzua eta zoru-sistema erradiatzailea izango ditu.

Kanpoaldean, garajea egongo da, estetika industrialagoa izango duena, egungo instalazioen tamaina bikoiztuz. Parkeko dotazioa osatzen duten ibilgailuak hartuko ditu barnean: hiriko autobonba bat, basoko beste bat eta beste osagarri bat, autoeskala bat, furgoi bat, lur orotako ibilgailu bat eta buruzagitzako ibilgailu bat; horrez gain, ekipamendurako eta tresneriarako biltegi bat, hala nola elurra kentzeko hortzak, ponpak, harea-orgak, gatz-barreiagailuak... Entrenamendu- eta maniobra-eremua ere handiagoa izango da, beheko solairuko ariketa-dorre bat gehi lau solairu barne.

Langileei dagokienez, Zallako suhiltzaile-etxe berriak egungoaren hornidura bera izango du: sei kabo, hogeita hamar suhiltzaile eta bi sarjentu, Uriosteko zonaldeko buru batek koordinatuta. Instalazio berriek 429 kilometro karratuko eskualde bateko hamar bat udalerritako 32.000 pertsona hartuko dituzte, eta urtean 300 esku-hartze inguru egingo dituzte.

Enkarterriko suhiltzaile-etxea berritzea, Busturialdekoarekin batera (Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua osatzen duten 8 suhiltzaileetatik zaharrenak baitira), Aldundiaren proiektu estrategikoa da legegintzaldi honetarako, Goazen 2030 dokumentuan jasotzen den bezala.