BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 4.133.892 euroko aurrekontua bideratuko du A-8 eta BI-644 errepideen arteko lotuneak hobetzeko lanak egiteko. Lanak 16 hilabete eta erdi inguru iraungo dute.

Aparkabisa eta Kareaga biribilguneen arteko errepide zatiak autobidea industrialdeekin, Bizkaia Aparkabisa garraio-zentroarekin eta Megapark eta Max Center merkataritza-guneekin lotzen du. Hori dela eta, trafiko handia jasaten du bide horrek, batez beste 54.000 ibilgailu inguru egunean, eta horietatik 4.000 ibilgailu astunak dira.

BI-644 ERREPIDEAREN ENBORRA

BI-644 errepidearen zati horretan, 670 metro inguruko luzeran, hainbat jarduketa egingo dira; besteak beste, erdibitzailean hesi bat jarriko da, zirkulazioaren bi noranzkoak bereiziz. Horri esker, segurtasuna hobetuko da, aurrez aurre talka egiteko arriskua ezabatuko baita. Gainera, tarte horretan seinaleak hobetzeko, seinaleak izango dituzten bi arkupe handi eraikiko dira eta dagoen semaforoa birmoldatuko da ikuspen handiagoa emateko.

Era berean, galtzadaren gainean ere jardungo da: dauden peralteak hobetuko dira, ura behar bezala husten dela bermatzeko, eta autobidearen adarrekiko lotuneak horien gainean egingo diren esku-hartzeetara egokituko dira.

APARKABISAKO BIRIBILGUNEA

Biribilgune honek BI-644 errepidearen, Aparkabisa industrialdearen eta Megapark merkataritza-gunearen arteko trafikoa banatzen du, eta obra honetako jarduketa nagusietako bat izango da. Biribilgunea lau metro inguru mugituko da ipar-mendebalderantz, trazatua egokituz eta A-8 autobidetik edo Kareagako biribilgunetik datozen ibilgailuentzat Megaparkera zuzenean sartzeko adarra sortuz. Horrela, zirkulazio-mugimendu hori (A-8/Kareaga, Megapark alderantz) biribilgunetik igarotzea saihestuko da, eta zirkulazio nabarmen gutxiago izango du.

A-8 AUTOBIDEA BI-644 ERREPIDEAREKIN LOTZEKO ADARRA

Autobidetik, Bilbo-Kantabria noranzkoan, BI-644 errepidera sartzen diren ibilgailuei errazago egingo zaie mugimendua, lotura-kurban gainzabalerak ezarri direlako eta bi bideen arteko lotura-kurbako peraltea hobetu delako. Era berean, adar horren oinplanoa hobetuko da, trantsizioko klotoideak eta erradio handiagoko kurbak sartuta.

A-8 AUTOBIDEA BI-644 ERREPIDEAREKIN ETA KAREAGAKO BIRIBILGUNEAREKIN LOTZEKO ADARRA

Aurreko adarrean bezala, Kantabria-Bilbo noranzkoan autobideko galtzada lotzen duenean, oinplanoko trazadura zuzendu egingo da, bihurgune egoki batekin eta dagozkion gainzabalera eta peralteekin. Gaur egungo drainatzea ere egokitu egingo da, Kareagako biribilgunearen inguruan galtzadaren gainean ura pilatu ez dadin.

Bestalde, adar horretan, zirkulazio-erreietako bat kenduko da, biribilgunearekiko lotura biribilgunearen errei-kopurura egokituz. Gaur egun, Kareagako biribilguneak bi errei ditu, baina hiru zirkulazio-erreitik sartzen dira ibilgailuak biribilgunera: bi autobidetik datoz eta bat BI-644 errepidetik. Jarduketaren bidez, autobidetik datorren erreietako bat kenduko da.

N-644 ERREPIDETIK A-8RA IRTETEKO ADARRA

BI-644 errepidetik A-8 autobiderantz, Kantabriarako noranzkoan, lotzeko adarrak, gaur egun, erradio gutxiko kurba bat eta sartzeko ziri oso txikia ditu, eta horrek zaildu egiten du autobidearen abiadurara egokitzea. Diseinu hori hobetzeko, BI-644 errepidearen enborretik zuzenean irteteko adar bat ezarriko da, bihurgunearen trazadura berria egingo da, bai oinplanoan bai peraltean, eta autobidearen enborrari gehitzeko ziria zabalduko da. Abiadura aldatzeko 175 metroko erreia eta sartzeko beste 125 metroko ziria izango ditu.

LANAK GAUEZ EGINGO DIRA

Obrako seinaleztapena instalatzen hasi diren lanek erreiak moztea ekarriko dute, betiere, gauez, 22:00etatik 06:00etara. Era berean, trafikoan eragina duten lanek jaiegunak eta oporraldiak aprobetxatuko dute horrelako lanak egiteko.