Bizkaiak gure lurraldean berdintasunaren alde eginiko lana aitortu die pertsona eta erakunde hauei: Milagros García Crespo Ekonomia Zientzietako doktorea (kategoria: ohorezko saria), Abogadas por la Igualdad emakume-taldea (kategoria: emakumeenganako indarkeriaren aurkako saria), Ellacuría fundazioaren Torre de Babel ekimena (kategoria: ahalduntzearen eta balio-aldaketaren saria) eta Portugaleteko Aisialdi Sarea (kategoria: herritar aktiboentzako saria).

Gaur, martxoak 6 (ostirala), Bilboko Kale Nagusian dagoen BBK aretoan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Zirgari sariak banatu dira, Emakumeen Nazioarteko Eguna baino bi egun lehenago. Galan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak eta Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak hartu dute parte.

Pertsona eta erakunde irabazleek sari fisiko bat jaso dute: Dora Salazar eskultorearen pieza bat. Eskultura horrek gogora ekartzen du zirgariek egiten zuten lana: ontziak arrastatzea itsasadarrean, beren indarraz soilik baliaturik.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, bere mintzaldian, Milagros García Crespo aipatu du, ohorezko saria jaso duena, esanez aitzindari izan dela «arlo guztietan edo ia guztietan». Izan ere, curriculum zabala du sarituak: Ekonomia Zientzietako doktorea Bartzelonako Unibertsitatean; Espainiako Ekonomia Fakultate bateko dekanoa; Eusko Jaurlaritzako sailburua; Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidentea, edo Kontuen Auzitegiko kontseilari eta presidentea, besteak beste.

«Eta bada beste kontu bat, beraren curriculumean jasota egon ez arren, nire biografian badagoena: alegia, mutil koskor batentzat lehen erreferentea izatea Mundakako udaldietan. Ahaldun nagusi honen lehen erreferentea», gehitu du.

Rementeriak esan duenez, Milagros García Crespok eta beraren izebak, «ondo ezagutzen zuten elkar». «Sabinak taberna bat zuen, eta, egunkaria ere bertan saltzen zenez, gorde egiten genion. Lagunak ziren, berbetan jarduten zuten, eta, gero, izekok ari buruz berba egiten zidan. Ze garrantzitsua zen ikastea, jakitea, inoren beharrik ez izatea, besteek dakitenaren beharrik ez izatea, nork bere ahotsa izatea, dena delakoa, baina norberarena», azaldu du.

Bere aldetik, Teresa Laespada Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak adierazi du zirgaren sinboloak batu egiten gaituela «emakume zirgari haiekin, eta emakume haiek ausartak ziren, borrokatu zuten eta bidea erakutsi ziguten, berdintasunaren defentsaren lekukoa eman ziguten; haiek zabaldu zuten bidea, asko borrokatuta eta oinaze handiak pairatuz». «Era guztietako emakumeak ziren, izugarri indartsuak. Haiei zor diegu guk orain garena izatea », azpimarratu du.

«Lan asko dago oraindik egiteko, zeren eta feminismoak zailtasun eta mehatxu berriei erantzun behar baitie. Feminismoak, bere tradizioari eutsi, eta eztabaida irekiak berreskuratu behar ditu, ikusmolde eta iritzi ezberdinak errespetatuz eta ulertuz. Sororitatea. Erdietsi nahi ditugun aldaketak ez dira azkar gertatzekoak, sakonak baizik, eta merezi du arazo konplexuei konponbide errazik ez bilatzea», gehitu du.

Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak, berriz, esan du «ezin ukatuzkoak» direla berdintasunaren arloan egin diren aurrerapenak eta baduela «horretan zerikusirik Bizkaiak berdintasunaren alde eginiko ibilbideak». «Izan ere, parte izan dugu eta parte dugu desberdinkeriak artezten jakin duen ekosisteman, eta harrotzeko modukoak dira, hain zuzen ere, gure historian zehar egin ahal izan ditugun ekarpenak, funtsezkoak izan baitira», azaldu du.

«BBKren barruan, duela zenbait hilabete eguneratu dugu gure plan estrategikoa, eta, dakizuenez, egitasmo horretan gauzatzen ditugu gure etorkizuneko ikuspegia eta apustuak. Horixe dugu aurrera egiteko ibilbide-orria, Bizkaia inklusiboago baren zerbitzura jarduten jarraitzeko dugun tresna, aukera-berdintasuna bermatu ahal izateko. Etapa estrategiko horretan, berdintasuna gure —kanpo zein barruko— jarduera guztiaren erdigunea da, eta, horren bitartez, gizartearen eskaera jakin batzuetan jarriko dugu arreta, bereziki, tresna eta baliabide berriak eskaini nahi dizkiegu-eta, eraldaketa sozial bizkortu, eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko», gehitu du.