BILBO. 2020ko azaroan hasiko dira Muskizko Hondakin Uren Araztegia (HUA) berritzeko lanak. Guztira, 12,4 milioi euro bideratuko dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako obretara.

Obraren konplexutasuna dela eta, Ur Partzuergoak Estatuan aitzindaria den lizitazio-prozedura bat baliatu zuen, lehia-elkarrizketaren formula baliatuz. Prozedura horrek merkatuan dauden alternatibak kontsultatzeko aukera ematen du, hartara, lizitatzaileek HUA handitzeko eskaintza bat aurkez dezaten eskura dauden irtenbide eta teknologia berritzaileenak erabiliz. Modu horretan, hiru enpresa aurkeztu ziren elkarrizketa-prozesura —2019ko urtarrilean hasi zena— eta bost hilabetez alternatibarik onena topatzeko lanean aritu dira. Azkenean, ACCIONA Agua eta ACCIONA Construcción enpresek osatutako ABEEk aurkeztu duen alternatiba aukeratu da.

Muskizko HUA Euskadiko zaharrenetarikoa da eta Bizkaiko zaharrena. 1998. urteaz geroztik dago martxan, hau da, Galindoko araztegia (Sestao) funtzionamenduan jarri baino lehenagotik. Gaur egun tratatzen duen emaria araztegiaren diseinuaren baldintzen mugan dago, bereziki euri asko egiten duenean, izan ere, euri-urak udal-estolderiako sareetara sartzen dira. Hori dela eta, beharrezkotzat jo zen saneamendu-sistema optimizatzeko jarduketaren bat egitea, araztegiak tratatutako ur-bolumena handitzeko eta eurite handiak daudenean tratatu gabeko emaria Barbadun itsasadarrera iristeko arriskuak minimizatzeko.

Hartutako irtenbide teknikoa teknologia berritzaile batean oinarrituta zegoen, prozesu biologikoari dagokionez. Delft University of Technology (Herbehereak) unibertsitateak sortutako prozesu hori —bere izen komertziala Nereda da— pikor egiturako biomasaz egindako hiru erreaktorek osatzen dute eta ziklo hauen bidez funtzionatzen dute: betetzea/deskargatzea, aireztatzea eta dekantazioa. Pikor egiturako lohian hiru erreakzio-zonak agertzen dira pikor partikulen barruko geruza desberdinetan: horrela, baldintza anaerobikoak, aerobikoak eta anoxikoak ahalbidetzen dituzte, zeinen bidez fosforoa, materia organikoa, amonioa eta nitratoak aldi berean ezabatu egiten diren. Horrek guztiak erreaktore konpaktu bat diseinatzeko aukera ematen du, eta bigarren mailako dekantaziorik behar ez duenez (beste teknologia batzuetan ezinbestekoa izaten dena), nabarmen murrizten da araztegiaren azalera.

EFLUENTEAREN DESINFEKZIOA

Errendimendu handiagoko tratamendu biologiko hedatuaz gain, HUA berriak tratamendu fisiko eta kimiko bat izango du, euri asko egiten duenean sartzen den emaria (influentea) arazteko; horrela, tratatu gabeko urak gainezka egitea saihestuko da ia erabat. Amaitzeko eta prozesua osatzeko, irteerako emari guztia (efluentea) desinfektatu egiten da; horri esker, Areeta hondartzako bainatzeko uraren kalitate bakteriologikoa une oro bermatuko da.

ACCIONAk proposatutako irtenbidea baliozkotzeko egin diren simulazio bidezko analisien emaitzek aditzera ematen dute prozesuak lasai asko betetzen dituela ingurumenera itzultzen den efluenteak izan behar dituen kalitate-betekizunak, ez soilik egungo egoeran, baita planta gehieneko kargan dagoenean ere. Ildo horretatik, amonioaren, nitratoen eta fosforoaren ezabapena oso egonkorra da. Horrez gain, epe labur eta ertainean prozesuan aldaketak egiteko malgutasuna oso altua da.

Bestalde, pikor egiturako biomasa aerobioak ohiko lohi aktibatuzko flukoluek ematen ez dituzten abantailak eskaintzen ditu, karga-aldaketa handiei aurre egiteko gaitasuna duelako. Aukeratutako alternatibak nabarmendu beharreko beste alderdi batzuk ere baditu: energia gutxiago kontsumitzen du eta lohi gutxiago sortzen du, operazioaren kostuak murriztuz. Hondakin-urak arazteko prozesuaren jasangarritasuna hobetze aldera, eraginkortasun energetikoko neurriak barne hartu dira diseinuan: ur birgaitua erabiltzea araztegiaren barne-erabilerarako, indusketa-materialak berrerabiltzea eta lohiaren biopolimeroak berreskuratzea ondoren erabiliak izateko.

Proiektua idazteko, BIM (Building Information Modeling) metodologia baliatuko da. Horren bidez, diseinu-fasean instalazio osoaren eredu digital bat egin daiteke, ondoren, eraikuntza-fasean nahiz HUAren bizitza baliagarrian zehar handitu eta osatuko dena.