BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten du 2020ko bigarren hiruhilekoan hastea Malmasingo tuneletan (A-8 autobidean) aireztapena, argiztapena eta suteen aurkako babes-sistema hobetu eta berritzeko obrak. Hala, tunelaren barruan gorabeheraren bat gertatuz gero, erabiltzaileen segurtasuna bermatuko da.

Jarduketa nagusia izango da ur biltegi eta ponpaketa-estazio berria eraikitzea. Horiek bermatuko dute tunel bakoitzaren 1.340 metroetan zehar dagoen suteak itzaltzeko sarea etengabe hornitzea. Horretarako, Basauriko ahoan kokatutako gaur egungo hargunearen kutxatila birmoldatuko da. Montaña eraikinean kokatutako biltegi berriak 120 metro kubikoko gaitasuna izango du, eta minutuko 1.000 litro hornitu ahal izango ditu, tunelrtako segurtasunari buruzko araudiak finkatutako presio eta emariarekin. Mantentze-lanak errazte aldera, biltegia bi basotan banatuta egongo da. Bakoitzak 60 metro kubiko izango ditu, eta elkarrekiko independenteak izango dira.

Uraren horniketa eraztun forman jarritako oraingo hoditeria sistemaren bidez egingo da, tutu bietan banatutako ur-harguneak eta ekipatutako sute-ahoak hornitzeko. Horrez gain, hornidura-zirkuitua saretuko da, sutea gertatuz gero sortutako beharrizanei erantzun hobea emate aldera, araudiak ezartzen duen moduan.

Gaur egun, tunel horiek 24 ur-hargune dituzte, tutu bakoitzean hamabi, eta proiektuak lau hargune berri jartzea planteatzen du, sarrera bakoitzaren kanpoaldean bana. Horrez gain, zutabe lehorreko lotura bat jasotzen da proiektuan. Horren bidez, suhiltzaileek ura ponpatu ahal izango dute hornidura-sistema nagusiak akatsa izanez gero elikatutako babes-sistemetara.

Ekipatutako sute-ahoei dagokienez, Malmasingo tunelek gaur egun 46 dituzte, tutu bakoitzean 23. Guzti horiek trafikoaren norantzaren eskuineko horman kokatuta daude, eta horien arteko gehieneko distantzia 60 metro da. Proiektuak barne hartzen du ekipatutako oraingo sute-ahoak egokitzea presioa murrizteko balbulak ezartzearen bidez.

Argiztapena eta aireztapena

Tunelen barruan suteren bat gertatuz gero segurtasuna hobetzeko jarduketa horiez gain, proiektuak argiztapenarekin eta aireztapenarekin lotutako beste batzuk ere hartzen ditu barne. Argiztapenari dagokionez, tunel bakoitzeko sarrerei argia ematen dieten farolen gain jardungo da, horiek Buian nahiz Basaurin kokatutako Etenik Gabeko Elikatze Sistemei lotzeko. Horretarako, oraingo elikatze-zirkuituak aldatu behar dira, eta bi zirkuito berri sortu.

Aireztapenari dagokionez, Malmasinek 32 haizagailu ditu gaur egun, tutu bakoitzean 16, eta bakoitzak 30Kwko potentzia dauka. Haizagailu horietatik, Bilboko norantzako tutuaren pitetatik gertuen dauden lauak eta Basauri norantzako pitetatik gertuen dauden biak oso zaharrak dira, 1990an hasi baitziren martxan; horrenbestez, berritzea komeni da. Instalatu beharreko sei haizagailu berriek oraingoen ezaugarri berberak izango dituzte. Hala, aireztatzeko gaitasuna eta oraingo algoritmoak ez dira aldatuko.

Aldundiak aurreikusten du lan horien egikaritzea lizitaziora ateratzea hurrengo asteetan. Proiektua gauzatzeko epea 21 astekoa da. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 779.802,80 euro da, BEZ barne.

Malmasingo tunelak duela 46 urte baino gehiago hasi ziren martxan, eta 1.340 metroko luzera dute. Galtzadak bi errei ditu tutuetako bakoitzean. 2020an Aldundiak Malmasinen egindako hobekuntza eta kontserbazio lanen bosgarren jarduketa garrantzitsuari ekingo zaio. Izan ere, azpiegitura hori oinarrizkoa da Bizkaiko gaitasun handiko errepideen sarean, eta egunean 65.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik.