BILBO. Kanpainak iraun bitartean, eskualdeko etxeetan hondakinak nola bereizi argitzen duen gida praktikoa banatuko da postontziz postontzi. Eskuliburu honetan jasotzen den informazioari esker, zenbait zalantza argitu ahal izango ditu erabiltzaileak: edukiontzi bakoitzean zer bota daitekeen eta zer ez, tamaina handiko hondakinak non eta zer ordutegitan utz daitezkeen, edota hondakin organikoak birziklatzeko zer egin behar den.

Gida postontzietan utzi ezin den kasuetan, atarietan kartelak jarriko dira, bizilagunek jakin dezaten gida online edo Udaletxean bertan zein udal-ekipamenduetan eskura dezaketela.

Jarduera honekin batera, komunikazio-euskarriak ezarriko dira eskualdeko udalerrietan dauden 14 minipuntuetan, eta online kanpaina ere egingo da (online publizitatea eta informazioa udal webguneetan zein sare sozialetan).

Gida praktikoa deskargatu: http://www.ut21.org/pdfs/bereizteko_gida.pdf

Hondakinak motaren arabera BE-REI-ZI beharretik sortu da kanpaina hau egiteko ideia, zaborra elementu bakar gisa tratatu behar ez dela ohartuta.

Hondakinak birziklatuz, ingurumena nabarmen hobetzeaz gain, aurrezpen ekonomiko garrantzitsuak ere lortzen dira; izan ere, masan jasotako hondakin tona bat tratatzea birziklatzeko aurrez bereizitako hondakinen tona bat tratatzea baino % 60 gehiago kostatzen zaie Bizkaiko erakundeei.Diru hori gure herria eta bertako bizi-kalitatea hobetzeko erabili daiteke.

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean ingurumenarekiko konpromiso sendoa dago. Administrazioak zein herritarrek elkarrekin lan egin behar dute sortutako hondakinen kopurua murrizteko eta gaikako bilketa hobetzeko bidean; izan ere, horrela bakarrik lortuko da modu lerrokatuan Plan Sektorialetan definitutako helburuak betetzea, besteak beste, Bizkaiko Hiri Hondakinen Prebentzio Planean, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020ko Planean eta Hondakinen Esparru-zuzentarauan definitutakoak.

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean gaikako bilketa hobetzeko kanpaina hau OCR Branding enpresari esleitu zaio, lau eskaintza jaso zituen prozedura irekiko lehiaketa sinplifikatuaren irabazleari, alegia. Zenbatekoa 13.712,61 eurokoa izan zen, BEZ barne.