BILBO. Juan Mari Aburto umeentzako espazioaren irekieran izan da zinegotziekin, Bilboko Konpartsetako ordezkariekin, Zorion Egileorekin eta Saioa Domínguezekin. Saioa Domínguezek txupinak bota du eta umeen programazioaren jarduera nagusietako bat hasi da.

Udal korporazioak, Juan Mari Aburto Alkatea buru zela, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak, Bilboko Konpartsetako ordezkariek, Zorion Egileor pregoilariak eta Saioa Domínguez txupinerak Bilboko kaleak igaro dituzte Txu trenean Txikigunera heldu arte. Bertan zirela, txupinerak txupina bota du eta familian pasatzeko 8 eguneko dibertimendua hasi du.

Gaur hasi eta domekara arte, hau da, hilaren 26ra, 11.00ak eta 14:30ak bitartean goizez eta 16:30ak eta 20:00ak bitartean arratsaldez, uriko umeek 24 jarduera baino gehiago izango dituzte eskura lau espaziotan. Gainera, makillaje ibiltaria eta antzoki bihurtutako Bilbobus bat egongo dira. Azken hori "Denboraren Autobusa" da eta egunero hiru emanaldi izango dira bertan.

Udalak 10.000 eskumuturreko banatuko ditu umeak galduz gero euren arduradunak identifikatzeko eta horiekin harremanetan jartzeko. Eskumuturreko horiek doan hartu ahal izango dira Txikigunearen informazio-puntuan (Izarren Behatokia).

Txikigunera joateko modurik onenetako bat Txu trena da, doako zerbitzua da eta Udaletxeko eraikin nagusiko albo batetik Casilda Iturrizar parkeko geralekuraino doa (Kale Nagusia 60). Trenek Txikigunearen ordutegi bera daukate eta 25 minuturo aterako dira.

Aurten, Aste Nagusiak 40 urte betetzen ditu eta Udalak herritar guztiekin ospatu nahi du. Umeekin ere bai, noski, eta horretarako urteurreneko jai berezia antolatu du Txikigunean. Umeek txokolatea jan eta diskofesta baten musikaren erritmoan dantzan egin ahal izango dute.

Urtebetetze festa hori abuztuaren 24an egingo da, arratsaldeko 18:00etan.

  • Goizez: 11:00etatik 14:30etara.
  • Arratsaldez: 16:30etik 20:00etara.