Bilboko Udalak 964.103,97 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Ibarrekolanda kalea berrurbanizatzeko. Lanak aste honetan hasiko dira, eta zazpi hilabeteko epean gauzatuko direla kalkulatzen da. Lan horien helburua da Deustuko 1. barrutiko inguru horretako irisgarritasuna, hiri-kalitatea eta oinezkoen mugikortasuna hobetzea.

Gaur egun, kaleak espaloi estuak eta zabalera aldakorrekoak ditu, bi aparkaleku-banda eta zirkulaziorako errei bat, erdian. Jarduketa horri esker, erabilgarri dagoen espazioa beste era batera banatuko da, oinezkoentzako azalera handitu nahi delako eta zirkulazio- eta irisgarritasun-baldintzak hobetu nahi direlako.

Izan ere, oinezkoentzako azalera handituko da, 1.302,93 metro koadrotik 1.623,56 metro koadrora; ibilgailuen eremua, berriz, 2.092,07 metro koadrotik 1.771,44 metro koadrora murriztuko da.

Obrak

Zehazki, obrak hauek egitea aurreikusi da: atari bikoitien aldeko espaloia handitzea, aparkaleku-plazak berrantolatzea –atzeranzko diagonalean zenbaki bikoitietako espaloian eta linean bakoitietako espaloian– eta argiteria publikoa eta gainerako hiri-sareak eta -zerbitzuak berritzea, bat etorriz, gainera, hurbileko Benidorm kalean berriki ezarritako hiri-estetikarekin. 

Bilboko Udalak obrak egingo dituen espazioaren planoa. B. U.

Era berean, "Bilbo motako" baldosadun zoladurak berrituko dira eta hiri-altzari berriak jarriko dira, hala nola bankuak, zakarrontziak, hamar plazako bizikleta-aparkaleku bat eta motor-aparkaleku bat.

Obrak hiru fasetan egingo dira, bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragiteko eta etxebizitza eta lokaletarako oinezkoentzako sarbidea eta, ahal den neurrian, inguruko garajeetarako ibilgailuen zirkulazioa bermatzeko.