Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du igandean Areatzako Kioskoan

Txaber Fernández zuzendari gonbidatua izango da 'Dantza-aireak' kontzertuaren buru

Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du igandean Areatzako KioskoanB. U.

Datorren ostiralean, ekainaren 12an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Areatzako KioskoakBilboko Udal Musika Bandaren 'Dantza aireak' izeneko kontzertua jasoko du. Bertan, Txaber Fernández arituko da bandaren zuzendari gisa.

Emanaldia Jesus Guridiren "Amayaren Ezpata-dantza" ospetsuarekin hasiko da, eta ondoren herrialde ezberdinetako herri tradizioetan inspiratutako lanak interpretatuko dira: Franco Cesariniren “Cossack Folk Dances”, Roland Barretten “Arabian Dances”, Jan Van der Roosten “Puszta”, Robert W. Smithen “Ireland: Of Legend & Lore” eta Percy Graingerren “Country Gardens”. Egitarua Alfred Reeden “Second Suite for Band” obra bizi eta koloretsuarekin amaituko da; partitura honek son montunoa, tangoa, guaratxa eta pasodoblea uztartzen ditu, Latinoamerikako musikaren ospakizun bikain batean.

Txaber Fernández euskal musika-zuzendaritzaren alorreko izen nabarmenetako bat da. Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan eta Musikenen egin zituen ikasketak, eta bere ibilbidean hainbat orkestra, ensemble eta abesbatzekin lan egin du. Horrez gain, jardun pedagogiko oparoa garatu du urteotan.

Udaberriko Denboraldiari amaiera ekainaren 23an emango zaio “Gure folklorea” kontzertuarekin. Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, Bilboko Udal Txistulari Bandaren eta Olaeta Ballet Elkartearen parte-hartzea izango du, euskal musika eta dantza tradizionalari omenaldia egiteko.

Txaber Fernández

Biolina ikasi zuen bere jaioterriko Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan. 2012an, Enrique García Asensio eta Manel Valdiviesorekin Orkestra-Zuzendaritza ikasi ondoren, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian - Musikenen bukatu zuen goi mailako prestakuntza.

Zuzendari gisa egindako ibilbidean, Musikeneko Orkestra Sinfonikoa, Ciklus Ensemblea, SMASH Ensemblea, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, BIOS Orkestra, Silboberri Ensemblea, Et Incarnatus Orkestra, Bilboko Txistularien Alardea, edota hainbat abesbatzarekin egin du lan. Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestra (2009-12) eta EIO Gazte Orkestraren (2016-19) zuzendari izan da, baita Xare Laborategiaren zuzendari artistiko eta kide sortzailea ere (2010-2020).

Bilboko Udal Musika Bandaren udaberriko denboraldiaren kartela.

Hainbat musikagileren lanen erabateko estreinaldiak eta estreinaldi nazionalak burutu ditu; besteak beste, Jagoba Astiazaran, Rubén Cid, Ignacio Ferrando, Iñigo Giner, Félix Ibarrondo, Xabier Mariño, Miguel Matamoro, Josep Mira, Raül Montalvà, Xabier Otaolea, Joan Riera, Alba S. Torremocha, Joserra Senperena edota Carlos Trujillo. Horrez gain, ikus-entzunezko hainbat proiektutan hartu du parte, hala nola Donostiako Zinemaldian estreinatutako "Prohibido recordar" (Larreategi/Martinez, 2010) dokumentalerako musikaren idazte, zuzentze eta grabaketan, Jagoba Astiazaranen "Kataiak" performancearen estreianldian Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoan (2014), edota baita Félix Ibarrondoren "Barne hegoak" (Orpheus, 2018) diska monografikoaren grabaketan ere.

Irakaskuntzaren arloan, irakasle izan da Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorio Profesionalean eta Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan. Gaur egun, abesbatzako eta ganbera-musikako irakaslea da Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan.