1975eko azaroaren 25ean Guardia Zibilak tiroz hildako Ángel Esparta Basterraren omenezko plaka inauguratu du Bilboko Udalak astearte honetan goizean, azaroaren 26an. Horrela, Udalak terrorismoaren eta indarkeria politikoaren hiriko biktimak omentzeko eta gogoratzeko sortutako Memoriaren Mapa handitu egin du.

Ángel Esparta Basterra Diman jaio zen, baina Bilbon bizi zen, eta, 28 urte besterik ez zituela, ustekabean hil zuten Legution. Semearen heriotzaren ondorioz, ama, 47 urtekoa, depresio handi batean sartu zen, eta ezin izan zen osatu. Arrebetako bat ere handik gutxira hil zen.

Zorigaiztoko gertakariaren 49. urteurrena den honetan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta ekimenaren bultzatzaile izan den Bakearen eta Bizikidetzaren Bilboko Topaguneko zenbait ordezkarik Espartaren senideak eta hurbilekoak babestu dituzte haren omenez jarritako plaka instalatzeko eta loreak eskaintzeko ekitaldian. Besteak beste, han izan da Ángelen arreba Itziar Esparta. Ekitaldi horretan izan dira, halaber, Udalbatzako kide batzuk, beste erakunde batzuetako kideak, memoriaren aldeko erakundeetako kide batzuk eta lore-eskaintzara gerturatu nahi izan duten zenbait herritar.

Senideek Salazar Zubia lorategia aukeratu dute plaka jartzeko, Kale Nagusitik Casilda Iturrizar parkera doan sarreretako bat alegia. Oroimenaren gunetzat hartu ohi da toki hori, terrorismoaren biktimen omenezko monolito bat baitago bertan. Monumentu hori 2006an inauguratu zuten, eta, unera arte, bertan ospatzen da urtero Memoriaren Eguna, azaroaren 10ean.

Memoriaren hilabetea Bilbon

Ángel Espartari egindako omenaldia izan da memoriaren hilabete honetan egindako azken ekitaldia. Izan ere, Bilbon, hilabete honetan, ETAk 1993ko azaroaren 22an eraildako Joseba Goikoetxea Asla ertzainari eskainitako plaka bat jarri dute, eta terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztien omenezko eskultura multzo bat inauguratu. Hain zuzen, obra eskultorikoak Atalase du izena, José Ramón Anda artistak egin du, eta Mazarredo zumarkalearen 69. zenbakiaren pareko lorategian dago, Guggenheim Museoaren eta Euskadi plazaren artean. Hemendik aurrera, Atalasen egingo dira Memoriaren Eguneko ekitaldiak.

Ángel Esparta Basterra

Penintsula eta Kanariar Uharteak itsasoz lotzen zituen Pinillos ontzi-konpainian egiten zuen lan. Europatik bidaiatzea gustatzen zitzaion, eta normalean autostopa egiten zuen.

1975eko azaroaren 25eko goizean, Madrildik Bilbora zihoan, autoestopean, baina gidariak, Bergarara zihoanez, Legutiora doan bidegurutzean utzi zuen, Araban. Beraz, oinez jarraitu behar izan zuen, eta bidearen zati bat Diego Gabarri Morenorekin egin zuen, 21 urteko madrildar batekin.

Guardia Zibilaren esanetan, Ángel eta Diego Legution zeuden, eta jarrera susmagarria zuten, auto batzuen inguruan: "Bazirudien autoa lapurtzen saiatzen ari zirela". Guardia Zibila tiroka hasi zen, Alto! oihukatu eta Ángel gelditzen ez zela ikusita. Eskuineko aldean egin zioten tiro. Hil egin zen, eta Diego atxilotu egin zuten.

Espartak 28 urte zituen, ez zegoen ezkonduta eta ez zuen seme-alabarik. Ama, semea hil ondoren, depresio sakonean sartu zen, eta ezin izan zuen gainditu; arrebetako bat ere handik gutxira hil zen.

Tiroketaren biharamunean, Guardia Zibilak familiaren etxera deitu zuen, eta esan zien gazteak "istripu bat" izan zuela eta Gasteizko Santiago Ospitalean zegoela, larri. Biktimaren osaba bat eta lehengusu bat joan ziren ospitalera, eta udaltzain batek esan zien Ángel hilda zegoela, baina ez zela istripua izan: guardia zibil batzuek tiro egin zioten, Oiartzungo alkate Antonio Etxeberria Albizuren aurkako bezperako atentatuaren egileetako bat zela pentsatu zutelako okerrez. Alkatearen alargunak esan zuen Ángel Esparta ez zela izan bere senarraren hiltzailea.

Albistearen berri eman zuten zenbait komunikabidetako titularrek delitugile eta kinkitzat jo zuten Ángel, eta Diego ijito-etniakoa zela nabarmendu zuten.

2017an, Ángel Espartaren familiak EAEko administrazioari eskatu zion "Ángelen izena garbi gera zedin eta polizia-abusuen biktima izan zela aitor zedin, bere irudia garai hartako prentsan agertu zenari lotuta ez geratzeko, ez baitzen delitugilea".

Guardia Zibilak Franco hil ondoren egindako lehen erailketa izan zen hura.

1970 eta 1982 artean, ibilgailuekin eta kontrolekin lotutako antzeko kasuetan, 19 pertsona erail zituzten, eta 31 zauritu.

Eta hala aitortu du Eusko Jaurlaritzak, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren esparruan. Dekretu horrek, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktimei ordainak ematen dizkie.

Bilboko Memoriaren Mapa: bederatzi plaka

Bilbon terrorismoaren biktimen omenez jartzen den bederatzigarren plaka da Ángel Esparta Basterrarena.

Lehenengoa 2022ko azaroan ipini zen Ángel Pascual Múgica Lemoizko zentral nuklearreko proiektu-ingeniariaren oroimenez. ETAk 1982an hil zuen Begoña auzoan.

Bigarrena 2023ko irailean ipini zen, José María Urquizu Goyogana bilbotarraren omenez. ETAk 1980ko irailaren 13an hil zuen, haren familiak Durangon zeukan farmazian lanean ari zela. Plaka hori Casilda Iturrizar parkean dago, familiak berak hala nahi zuelako. Parkea oroimenerako espaziotzat hartzen da, terrorismoaren biktimei dedikatutako monolitoa dagoelako, 2006an inauguratua.

Hirugarrena aurtengo martxoan jarri zen, Kale Nagusiko 1ean, Plaza Biribilaren ondoan, Banco de Vizcaya-ren egoitza zegoen lekuan, han baitzuen lantokia Benicio Alonso Gómezek. ETAk 1983ko otsailaren 5ean hil zuen, bonba bidez.

Apirilaren 30ean, Botikazar parkean plaka bat jarri zen Fermín Monasterio Pérez taxi-gidari bilbotarraren oroimenez. ETAko kide batek tiroz hil zuen 1969ko apirilaren 9an. ETAren lehenbiziko biktima zibila izan zen, beraz.

Ekainaren 24an, Memoriaren Mapako bosgarrena jarri zen Pedro Ibarretxe kalean, Justizia Jauregiaren ondoan, Francisco Javier Núñez Fernándezen omenez. Matematikako irakasle gazte hori 38 urterekin hil zen, polizia-indarkeriaren biktima, 1977ko maiatzaren 30ean. 

Seigarren plaka uztailaren 23an jarri zen Salazar Jeneralaren kalean, Anastasio Leal Serradillaren omenez. Anastasio udal-langilea zen eta 1980ko uztailaren 23an hil zen, lanean, ustez Triple A-ren "goma biko" bonba bat zartatu zenean. Atentatu berean, leherketaren ondorioz, bi neba-arreba gazte ere hil ziren, edukiontzi batetik kartoiak jasotzen ari zirela.

Zazpigarrena urriaren 7an jarri zen, David Salvador Bernardoren omenez, Bilboko Maiatzaren 2ko kaleko 4. zenbakian, jaio eta lehenengo urteak bizi izan zituen tokian. Taxilari hori tiroz erail zuen Andoainen, 1977ko urriaren 7an, Triple A erakundeak.

Zortzigarrena azaroaren 22an jarri zen, Ertzaintzaren sarjentu nagusi Joseba Goikoetxea Aslaren oroimenez. Oroigarria Tiboli kalean dago, ETAk 1993ko azaroaren 22an atentatua egin zuen lekuan.

Sinbolo horiekin Bilboko Memoriaren Mapa osatzen da, Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ekimena, biktima horien oroitzapena mantentzeko eta urian indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertakari horiei erreferentzia geografikoa emateko, eta ahanzturatik ateratzeko, eraildako pertsonen istorioak erreskatatzeko, herritarrengana iritsi daitezen. Horretarako, plaka guztien beheko aldean QR kode bat dago, udalaren webgunera bideratzen duena. Bertan, Memoriaren Mapa dago, atal berezi batean.

Bakearen eta bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 2017ko urriaren 16an sortu zen terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal-politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa. Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostea eta haien inguruan lan egitea.

Bilboko Topagunean biktimak, talde politikoak, eragile teknikoak eta bakearen eta bizikidetzaren arloko adituak daude. Balio erantsia ere badu; izan ere, biktimak erdigunean jartzen ditu eta, haiekin batera, espazio bat eraikitzen du egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioetan eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeetan oinarritutako memoriaren inguruan lan egiteko.