Síguenos en redes sociales:

Ia 662.000 bisita jaso zituzten Bilboko udal liburutegiek 2023an

Ia 662.000 bisita jaso zituzten Bilboko udal liburutegiek 2023anB. U.

Pandemia osteko inolako mugarik izan ez duen lehen urtea izan zen 2023a Bilboko udal liburutegietan. Bada, iazko urtarriletik abendura bitartean 661.871 bisita jaso zituzten udal liburutegiek, aurreko urtean baino % 24,8 gehiago.

Bestalde, 3.637 pertsonak eskatu zuten karneta iaz, eta dagoeneko 118.904k dute. Bazkide horiek 312.797 mailegu egin zituzten, eta % 11,7ko igoera izan zuten 2023ko datuekin alderatuta. Hau da, batez beste 1.100 mailegu baino gehiago irekitzen diren egun bakoitzeko.

Bilboko Udalak azpimarratu du “adin guztietako biztanleen artean irakurzaletasuna bultzatzen eta indartzen jarraitzeko apustua egin duela. Ezinbestekotzat jotzen dugu Udalaren kultura-gune horien erabilera bultzatzea, jarduera eta zerbitzu zabal eta askotarikoekin. Bilbotarrek zerbitzu-katalogo zabal eta oso zainduaz gozatzen jarrai dezaten ahalegintzearen aldeko apustua egiten dugu, irakurtzeko ohitura sendotzeko eta zaintzeko”.

Gauzak horrela, 2023an zehar, Udal Liburutegiek 562 kultura-jarduera egin zituzten, eta horietan 7.244 pertsona egon ziren. Udan hiriko plaza ezberdinetan egiten den Udako Liburutegiak programan parte hartu zuten 8.046 pertsonekin batera, 15.290 parte-hartzaile izan ziren guztira pasa den urtean, 2022an baino % 14 gehiago, alegia. Internetera sartzeko zerbitzuak ere gora egin du: 16.279 saio erregistratu ziren liburutegietako erabilera publikoko ordenagailuetan, aurreko urtean baino % 10 gehiago.

Sareko ekipamenduen kopurua 16 da: Liburutegi Nagusi bat, Bidebarrietakoa; bi Barruti Liburutegi, Deustukoa eta Begoñakoa; hamabi Auzo Liburutegi: Basurtukoa, San Inaziokoa, Zurbaranbarrikoa, Castañosekoa, Otxarkoagakoa, San Frantziskokoa, San Adrianekoa, Iralakoa, Ibaialdekoa, Errekaldekoa, Zabalakoa eta Zorrotzakoa; eta Buiako zerbitzugunea.

Titulurik eskatuenak

Bitxikeria gisa, hauek izan dira Bilboko Udal Liburutegietako erabiltzaileek maileguan gehien hartu dituzten liburuak:

  • Helduentzako gaztelaniazko liburuak: Javier Díez Carmonaren “Solas”; Eva García Sáenz de Urturiren “El libro negro de las horas”; eta Mikel Santiagoren “El Mentiroso”.
  • Helduentzako euskerazko liburuak: Nerea Ibarzabal Salegiren “Bar Gloria”; Anari Alberdi Santestebanen “Gari eta goroldiozko”; eta Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Joseba Larratxeren “Ni ez naiz Mikel Laboa”.
  • Haurrentzako eta gazteentzako gaztelaniazko liburuak: Kayoko Kishimotoren “Naruto”; Kohei Horikoshiren “My Hero Academia”; eta Eiichiro Odaren “One piece”.
  • Haurrentzako eta gazteentzako euskarazko liburuak: Mattero Gauleren “Dinosauroak”, Simon Millerren “Ibilgailuak”; eta Tomomi Usuiren “Cube Arts”.

Musika grabazioei dagokienez, maileguan gehien utzi direnak honakoak izan dira: Bruce Springsteenen “Only the strong survive”; Sílvia Pérez Cruzen “Toda la vida, un día”, eta Rozalénen "Matriz".

Ikus-entzunezkoei dagokienez, gehien eskatutako pelikula "La Ballena" izan zen, eta, ondoren, "Patria" eta "Bullet train" filmak