Síguenos en redes sociales:

Merkantzien garraioa kontrolatzeko urteko hirugarren kanpaina egingo da

Merkantzien garraioa kontrolatzeko urteko hirugarren kanpaina egingo da

BILBO. Bilboko Udaltzaingoak merkantzien garraioa kontrolatzeko eta zaintzeko urteko hirugarren kanpaina jarriko du abian datorren astean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren barruan.

Kanpainak bi helburu ditu. Alde batetik, gidariak gidatzen duen ibilgailurako behar den baimena duela, asegurua indarrean duela eta ibilgailuak baldintza tekniko egokiak betetzen dituela (IAT eginda, zama behar bezala jarrita, argiak ondo erregulatuta eta pneumatikoak egoera onean) egiaztatuko dute udaltzainek.

Beste alde batetik, merkantzien garraioan dabiltzan ibilgailuak kontrolatzeko eta zaintzeko, udaltzainek Garraioa Antolatzeko Arautegian ezarritakoa beteko dute. Hiru ezaugarri dira ziurtatu beharrekoak: garraioan jarduteko baimena, gidatutako denborak eta atsedenerako denborak, takografoan jasota daudenak; gidariaren gaitasun profesionala; eta merkantziaren garraiorako baldintzak betetzen direla, salgai galkorrei, izoztuei eta beste batzuei dagokienez.

Ekainean egindako aurreko kanpainan, Bilboko Udaltzaingoak zortzi kontrol egin zituen merkantzien garraioan ari ziren ibilgailuak zaintzeko eta kontrolatzeko. Guztira, 216 ibilgailu kontrolatu zituen, eta 15 salaketa jarri.