Donostiako Udalak apirilaren 20an Izarren Argiaren Defentsarako Mundu Gauarekin bat egingo duela iragarri du. Zehazki, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera gau astronomiko bat prestatu dute udaletxeko terrazan. Helburua da argi kutsadura saihesteko neurriak hartzeko beharra azpimarratzea eta herritarrek zeruaz gozatzeko duten eskubidea aldarrikatzea. Besteak beste, teleskopioak jarriko dira terrazan.

2007ko apirilaren 20an, Starlight Konferentziak gaueko zeruaren balioak babesteko nazioarteko kanpaina egiteko erantzukizuna hartu zuen. Horretarako instituzio publiko nahiz pribatuei ekimen honetan parte har dezaten deialdia egin zen.

Azken urteetan Espainia mailan, Txile eta Kanadako hainbat hiriek deialdi honetara gehitu dira, apirilaren 20an astronomia ardatz duen festa ezberdinak antolatuz.

Izarren argia hobeto ikusteko Donostiako Udalak bere argiztapena itzaliko du 21:00etatik aurrera eta ekintza ezberdinak egingo dira bertan, denak publiko orokorrari zuzenduak. Udalaren Udalbatza Aretoan pantaila handia jarriko da, eta Stellarium izeneko zeruko programaren bidez gure astronomoek zeruan ikusgai dauden izarrei buruzko azalpenak emango dituzte.

  • 20:30 ”Oinarrizko Astronomia” hitzaldia. Euskara
  • 21:00 Teleskopioekin behaketa udaleko terrazan

Teleskopioekin egingo den behaketa astronomikoa bertan behera geldituko da zerua estalita egongo balitz.

Argi kutsadura

Normalean argiaren kutsadura bezala ulertzen da, emisio-fokuaren horizontalaren gainetik iturri artifizialetik datorren argia atmosferara zuzenean edo zeharka igortzea. Aprobetxatzen ez den eta zerurantz doan argi hau energia-xahubidea baino ez da.

Argia atmosferara igortzean, argi hori, aireko molekulekin eta bertako hezetasunarekin bat egiten noranzko guztietan sakabanatzen da. Sakabanatze hori areagotu egiten da atmosferan partikula kutsatzaileak badaude (kea, hautsa). Zeruranzko sakabanatze hau ondo ikus daiteke hiriak eta bere inguruko eremu zabalak estaltzen dituen argi-koroa gisa.